Euskalduntzearen aldeko bizitza oso bat
GARA |
Jaiotza: Zornotzan, 1947ko ekainaren 10ean. > Heriotza: Larunbatean, azaroaren 7an, auto istripuz hil zen. >Argitaratutako lanak: «Alfabetatzen», «Euskal Hiztegi Modernoa» eta euskalduntzeari lotutako lan ugari.
AEK-ko sortzailetakoa izateagatik gogoratua izango da Juan Jose Zearreta, baina bizitza osoa eman zuen euskalduntze prozesuarekin lotutako hamaika ekintzetan buru-belarri sartuta. 1973an hasi zen Euskaltzaindian lanean, eta 2003an kudeatzaile izendatu zuten. Larunbatean hil zen auto istripuz, 62 urte zituela, Alakraneko tripulazioa askatzeko Bermeon egin zen kontzentraziotik itzultzen zegoenean.
Zornotzan jaio zen, 1947ko ekainaren 10ean. 60ko hamarkadaren amaieran hasi zen euskalduntze eta alfabetatze kanpainetan parte hartzen. 1968-69 ikasturtean Deustuko San Felicisimon euskarazko eskolak sortu ziren eta zornotzarra ekimen horren partaide izan zen.
70eko hamarkadan, bestalde, Bizkaiko alfabetatze batzordeko kidea izan zen. Ondoren, 1975ean eta 1976an, hau da, herrialde guztietako batzordeak batu eta Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinakundea (AEK) sortu zenean, Zearreta bera izan zen sortzaileetako bat, idazkari lanak ere bete zituelarik.
1973an hasi zen lanean Euskaltzaindian, Ekonomia arloan, eta 1975eko ekainaren 27an euskaltzain urgazle izendatu zuten. Akademian egiten zuen lana gero eta nabarmenagoa zen eta 2003an, kudeatzaile izendatu zuten.
Argitara eman zituen liburuak elkarlanean egindako lanak izan ziren. Lan horiek guztiak euskalduntze prozesuarekin loturikoak dira. Horien artean, «Euskalduntzen (hiru liburuki)» (1972), «Alfabetatzen» (1975), «Euskal Hiztegi Modernoa» (1977), «Sortzen - I» (1978) eta «Hiztegia 80» (1980) nabarmen daitezke.