AIZKORA Tolosako desafioa
Bi beteranoen artean gazteena sasoi hobearekin agertu da
Donato Larretxea lehen enborretik azkenekora aurretik izan zen, baina norgehiagoka lan erdietan, hamargarren enborrean alegia, erabaki zen. Hor, Miel Mindegiak denbora asko galdu zuen, eta gero ezinezkoa egin zitzaion horri buelta ematea.
Jon LEUNDA | TOLOSA
Donato Larretxek irabazi zuen atzo Tolosako zezen-plazan Miel Mindegiaren aurka jokatutako apustua. Amaieran lau minutu eta erdiko aldea atera zion bi beteranoetan gazteenak zaharrenari.
Eguraldia benetan petrala izan zen atzo eguerdian, euria, haizea, kazkabarra, trumoia, tximista, denetik izan zen Tolosan, baina, hala ere, 1.500 ikusle pasa bertaratu ziren saioa ikustera. Aizkolari bakoitzak 20 enbor 60 ontzakoak erdibitu behar izan zituen, guztiak ere Mindegiak ekarritakoak. Alde bakoitzak 12.000 euro jokatu zituen dirutan. Saioa hasi aurretik dirua Larretxearen alde atera zen, baina lanean hasi bezain pronto pasatu zen Mindegiaren aldera, nahiz eta berriro ere laster pasatu zen Larretxearen aldera.
Aizkolari bakoitzak bina laguntzaile izan zituen. Telletxea eta Apezetxea aritu ziren Mindegiaren alboan, eta Iruntxiberri eta Ohian, semea, Donatoren alboan.
Mindegiak plazaratu behar zituen enborrak, eta aurretik gogorrak izango zirela iragarri zuen, eta horrelaxe izan zen. 100 minuturen bueltan amaituko zutela ere iragarri zuen, baina hor ez zuen asmatu, berak ere hamabost minutu gutxiagotan amaitu baitzituen lanak.
Kolpean egon zen atzoko saioko aldeetako bat. Larretxearena Mindegiarena baino askoz ere sendoagoa izan zen, eta hori erabakigarria izan zen. Arantzakoak, gainera, apustua berak nahi bezala eraman zuen.
Honelakoetan denek nahi izaten dute aurre hartu, eta Larretxeak horixe egin zuen, lehen enborretik azkenekora aurretik izan baitzen. Lan erdiak bitarte Mindegia nahiko gertu izan zuen, baina hamargarrengoan denbora asko pasa zuen Ezkurrakoak -hura izan zen apustuko enborrik txarrena-, eta hortxe erabaki zen apustua.
Larretxeak bi minutuko aldea lortu zuen lan erdietan, eta garbi zegoen zerbait gertatu ezean apustua nork eramango zuen, eta horixe gertatu zen. Hortik aurrera desafioa kontrolpean izan zuen Arantzakoak, eta amaieran beretzat izan zen norgehiagoka.
Hauek izan ziren Larretxearen denborak: 2.25, 6.10, 9.45, 13.25, 16.56, 20.44, 24.40, 29.30, 33.38, 37.02, 40.58, 44.44, 48.40, 53.06, 57.14, 61.22, 65.39, 70.54, 78.48 eta 81.34. Mindegiarenak, hauek izan ziren: 2.50, 7.05, 10.45, 13.55, 17.34, 21.38, 25.14, 29.56, 33.55, 38.56, 43.12, 48.05, 52.42, 57.22, 62.00, 66.24, 71.12, 76.28, 81.26 eta 85.59.
Donato Larretxea pozez gainezka zegoen saioaren amaieran, garaipen handia lortu baitzuen. Apustua berak nahi bezala joan zela onartuz hasi zen hizketan. «Nire erritmoa jarri dut hasieratik, eta aurretik jarri naiz. Hori beti garrantzitsua izaten da, indarra ematen baitu», esan zuen.
Apustua irabazita lan erdietan ikusi zuela ere onartu zuen: «Hor alde handia kendu diot, eta irabazita ikusi dut. Banekien zerbait pasatzen ez bazitzaidan irabaziko nuela», esan zuen. Mindegiarentzat ere hitz onak izan zituen. «Uste dut berak ere lan handia egin duela. Duen adina ikusita, denbora bikaina egin du», aitortu zuen.
Hurrengo erronka datorren ostiralean izango du Nafarroako finalean, eta han ere zerbait egiten saiatuko dela iragarri zuen. «Hemendik ostiralera bitarte ez daukagu errekuperatzeko tarte handirik, baina sasoi onean nago, eta saiatuko naiz Nazabal estutzen», aitortu zuen.
Mindegia, berriz, galtzeak ematen duen tristurarekin zegoen, baina egindakoarekin gustura agertu zen. «Nire lehen helburua etxeko lana egitea zen, eta hori egin dudala uste dut. 100 minuturen bueltan lanak amaitzea pentsatzen nuen, eta hamabost minutu gutxiagotan amaitu ditut, eta uste dut oso lan ona egin dudala. Aurrean, ordea, Larretxea nuen, eta bera hobea izan da», onartu zuen.
Atzokoa bere azkeneko apustua zela ere esan zuen: «Apustua galdu izanaren tristurarekin honelakoak esaten dira, baina jadanik 60 urte ditut, eta ez dut uste merezi duenik. Lehen ere nahikoa erakutsi dudala uste dut, eta hau azkena izango da».
Joxemari Mendizabal beteranoa ere apusturako gogoz dago, eta atzo bertan bota zuen desafioa. Mendizabal bi 80 ontzako etzanda eta bi kanako zutik jarrita mozteko prest dago. Mindegiari bi minutuko aldea eskatzen dio, eta, besteei, urteko minutu erdia. Adunako aizkolariak 62 urte ditu. Abenduaren 5ean Tolosako Kantabriko tabernan egongo da, norbaitek erantzun nahi badio.
Erasunek atzo apusturako deia egin zion Aizpururi. Nafarrak apustu hau egin nahi du: lehenengo 16 kana-erdiko aizkoran, eta ondoren 8 kilometro korrika zezen-plazan. Aitzinako erara, alegia. Nuarbetarrak erantzun nahi badio, datorren larunbatean Kantabriko tabernan egongo da, 19.00etatik 20.00etara.