GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

KRONIKA Txapelketa Nagusia 2009

Arabari neurria hartua dio Miren Amuriza gazteak

Bertsolaritzak horixe dauka, inoiz gaizki inoiz ongi», bota zuen azken agurrean Unai Iturriagak, eta bi aldeak erakutsi ditu Txapelketa Nagusiak asteburu honetan. Larunbatean esperientziak aldapan gora igo zuen errusiar mendia. Atzokoan, goraino igo gabe, freskotasunak eta erregulartasunak mantendu zuten bagoia errailean. Miren Amuriza gaztea izan zen puntu gehien batu zituena.

p008_f01_133x132.jpg

Ane ARRUTI

Bezperan «beteranoak» gailendu ziren Bergarako saioan, tarte nabarmena atereaz gainera. Atzo estreinako saioa zuen Iturriagak eta belarri gehienak berari zuzenduta zeuden. Ziurrenik bigarren itzulira pasatzea lortuko badu ere, ez zuen bere saiorik onena egin. Berriro ere, «ezer galtzeko ez zeukatenek» bildu zuten saio txukunena. Final-laurdenetan Miren Amuriza eta Iñaki Zelaia hurrenez hurren lehenengo postuan gelditu izana kasualitate edo egun borobil baten ondorio moduan ikusi zutenei, dauden lekura euren merituz iritsi direla erakutsi zuten.

Kartzelako lanean bota zituen alerik ederrenak Amurizak. «Mezu hau jaso duzu mugikorrean: Ez egon nire zain», izan zen guztientzako gaia. Berriztarrari berandu iritsi zitzaion mezu hori, ordea, «lotsatan eta amorruz nago ta esan nahi nioke nik/ hobe mezua orain bi ordu bidali izan bazenit», bukatu zuen lehenengo bertsoa tabernan zain. «Nahiz ta buruan imajinatu dozenaka printze urdin/ denak dabiltz berdin-berdin/ komeni denean ekin/ baina halere beste ordu bian ezin etxera alde egin/ hemen be negar egin dezaket behintzat konpainiarekin», bukatu zuen.

Zortziko handian, Iñaki Zelaia eta Unai Iturriaga egokitu ziren. «Kalean zabiltzatela odola emateko autobusa ikusi duzue eta ilara luzea dago sartzeko zain», izan zen gaia eta, ilaraz gain, Iturriagak berehala topatu zuen beste aitzakia bat: «Ezin da eman porrorik erre baduzu bi hilabetetan/ zoaz zu eta itxoingo dizut pareko taberna horretan», esan zion Zelaiari. «Itxoin tabernan ardo botila beltz eder bat aterata/ hor ateratzen dedan guztia berreskuratu behar da ta», bukatu zuen honek bertsoaldia.

Zortziko txikian Estiballes izan zen puntu gehien batu zituena. Iturriagak eraman behar zuen aireportura baina bueltaka eta bueltaka jarraitzen dute autoan. «Kriston itsuarekin ta begiak diz-diz/ jan ditu sei Txupatxus ta hiru regaliz/ kale hontatik goaz zazpigarren aldiz/ begira zure ama agur zazu berriz», bota zion lehenengo eta ondoren, «disgusto hau kentzeko trago bat atara/ bueloa hartu duen bakarra zeu zara».

Puntu erantzunean, berriz, saioko lehenengo bi sailkatuak egin zituzten bertsoaldi onenak. «Trebiñuk izan nahi du Arabako parte», izan zen Zelaiarentzat puntua. «Eta ahaleginean ari da jo ta ke/ hemen gertuan dago, ez dago aparte/ gure laguntzarekin hori lor dezake», bota zuen lehenengo bertsoan. Amurizari Juanito Oiartzabali buruz galde egin zioten. «Zigarroa erreta Everesten gora», eta, erantzuna: «Halaxe pasatzen du Juanitok denbora/ nahiz ondoan lagunak dabiltzan gustora/ ni enitzake joango berekin inora».

Seiko motzean asmatu

Ezohiko neurri honi neurria hartzea izaten da askotan bertsolariei buruko min dezente eragiten diena. Atzokoan, hala ere, ideia politenak bertsoaldi hauetan entzun ziren. Estiballes eta Arzallus hasi ziren lehenengo. «Bikotea zarete eta gustura izango zenukete haur bat, baina badakizue gaixotasun genetiko bat izateko arriskua duela. Arkaitz, saiatu egin nahi duzu. Maddalen, zuk ez». Arzallusek honela esan zion: «Baina zoratu al zara/ izango du mila traba/ nik ez dut haurrik jaiotzerik nahi sufritzeko bada», eta Estiballesek: «Ametsa nahi nuke bete/ sufrimenduan zoriontasuna aurkitu daiteke».

Paya eta Zelaiak, hilabete ezkonduta egon ondoren, Zelaiak gehiago ezin izana umorez josi zuten. «Eman dizut kariñoa/ muxua eta mimoa/ horren gogorra ote da nire sexu erritmoa», Payaren erasoari ederki eutsi zion Zelaiak: «Polita izan zen boda/ famili dana gustora/ orain latigoz jotzea omen da azken sexu moda/ gauez erabat astora/ nabilki behera ta gora/ hilabetean pasatu zera usotik otsora». Iturriaga eta Amuriza ere dotore aritu ziren tokatutako gai gogorraren gainean. Mirenek minbizia izan eta sendatu bada ere, ez du Unaien aurrean biluztu nahi. «Bular bat dut eramana/ eta ez dakit laztana/ nola maiteko duzun neuk ere maite ezin dudana», Amurizak. «Ezin ikusi hori zuk/ bai sarritan entzun dizut/ ez dut bular bat maite nik Miren, nik zu maite zaitut», Iturriagak. «Itzal ezazu argia eta besarka nazazu», errematatu zuen berriztarrak.

Tolosan eta Hendaian erabakiko da nortzuk jarraitzen duten eta nortzuk ez.

Txapelketa Nagusia
Bertsoka

Arraro egin zitzaigun

entzun genuenean, baina berehala ulertu genuen. «Txerria gizenduta San Martinetan jai», izan zen Maddalen Arzallusentzat lehenengo puntua. «Ez dakizu zenbatez nik egin ohi dudan», erantzuna. Lapurtarrak «jai»

beharrean «jan»

ulertu zuen eta bertsoa oin horrekin osatu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo