GARA > Idatzia > Kultura

Idazleak eta gizartea elkartuko ditu Gatuzain argitaletxeak, gai anitzi buruz eztabaidatzeko

p041_f02_97x92.jpg

Idoia ERASO | BAIONA

Gatuzain argitaletxeak antolatutako topaketak Ipar Euskal Herriko hainbat txokotatik iragango dira azaroaren 13tik 26ra. Jardunaldion asmoa idazleak irakurleekin eta gizartearekin elkartzea da.

«Ipar Euskal Herrian euskaraz idaztea: basamortuaren zeharkatzea?» izenburua darama Luzien Etxezarretak azaroaren 19an Hazparnen gidatuko duen mahai-inguruak. «Azken urteotan inoiz baino gehiago idatzi da eta kalitatea inoiz baino hobea da», baieztatu zuen Etxezarretak gai horren harira. Beste hainbat idazlek eta erakundek ere parte hartuko dute.

Azaroaren 26an, Urdiñarben, «Xiberoko kültüra: nolako geroa?» topaketa izango da. Bertako jendearen lanaren beharra eta ahala aztertuko dituzte, baita bertokoa folklore huts bihurtu ote den eztabaidatu ere. Gatuzainen «Bohémiens» lana argitaratu duen Nicole Lougarot, Pipas Larrandaburu eta Helene Etchekopar Etchart izango dira bertan.

Kulturatik harantzago

Baionako anfiteatroan politika gaiak ere jorratuko dituzte azaroaren 13an, «Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalea: bidegurutzean?» topaketan. Bixente Vrignon, Gabi Mouesca eta Gorka Torre parte-hartzaileekin, Eneko Bidegain arituko da solasaldia bideratzen.

«Etxebizitza: batzuentzat arazoa, besteentzat dirubidea?» izango da Peio Etcheverry-Aintziart, Pierre Vissler eta Maite Gyhenetchek landuko duten gaia. «Habiter son pays» liburuaren idazleak Izuran izango dira azaroaren 24an.

Gerra zibilak Euskal Herri osoan izan zuen eta egun ere baduen eragina aztertuko dute Marie Jose Basurcok eta Iñaki Egañak, azaroaren 20an, Donibane Lohizunen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo