GARA > Idatzia > Kultura

Iñaki Odriozola, Poxpolo eta Mokolo bikoteko pailazoa, bihotzekoak jota hil da

Iñaki Odriozola anoetarra, Poxpolo eta Mokolo pailazo bikoteko kidea, bihotzekoak jota zendu zen atzo, AEBetan zehar bidaia bat egiten ari zela. Gorpua Euskal Herriratzeko zain daude gertukoenak.

p041_f01_96x96.jpg

GARA | DONOSTIA

Iñaki Odriozola anoetarra ustekabean hil zen atzo, bihotzeko baten eraginez, 30 urte zituela. Ezbeharra, gainera, AEBetan gertatu zen, lagunartean bidaia egiten ari zela. Iñaki Odriozola «Mokolo»k pailazo bikotea osatzen zuen azken urteetan Iker Galartza «Poxpolo» aktorearekin batera. «Joño», «Eskola eta festa», «Zorionak», «Zirkoa» eta «Run Run» ikuskizunen ostean, pailazo bikoteak «Mekatxis Mariatxi!» egitasmoa aurkeztu zuen iaz, eta proiektu horrekin buru-belarri zebiltzan lanean, beraien webgunean irakur daitekeen moduan, «magia, kolorea, lilura, sentimenduak, sentsazioak, abesti berriak eta betikoak, barre eta algarak» zabaltzeko helburuz.

Odriozolaren heriotzak samina eragin du senide, lagun eta ingurukoengan, baita haren lanbide berean aritzen direnen artean ere. Joxe Mari Agirretxe «Porrotx»ek garari esandakoaren arabera, «heriotzak beti dira heriotza, baina gertuko kide batena gertatzen denean beti ukitzen zaitu. Poxpolo eta Mokolorekin harreman profesionala eta pertsonala dugu guk, elkarren lagun gara, eta alde horretatik bereziki sentitzen dugu bere galera».

Abentura

Agirretxeren hitzetan, gaixotasunarekin eta heriotzarekin «gertuko harremana» dute pailazoek lanbidez, «erietxeetan aurrera eta atzera» ibiltzen baitira. «Bide horretan zerbait ikasi dugu, eta orain gutxi joan zitzaigun `piratak' hori irakatsi zigun, eta zera da: bizitzan urteak betetzea garrantzitsua dela, baina hori bezain inportantea dela abentura bat bizitzea. Bizitza bera abentura handi bat da, luzeago edo motzagoa izan daitekeena, baina horren gainetik oso intensoa izan daitekeena», esan zuen. «Iñakiren kasuan, pailazo izatea abentura bat da, eta berak pertsona bezala eta pailazo bezala zorte hori izan zuen, abentura polit batean parte hartzearena, eta hori da, funtsean, guri geratzen zaigun poza, besteen onena jasotzen eta bere onena ematen jardun duela berresten duena».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo