GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Andres Urrutia Euskaltzainburua

Heriotzaren kolpe latza

Isilean, ekinean... halaxe erakutsi zigun guztioi, halaxe ikasi dugu gazteagoek berarengandik. Juanjo joan zaigu, auto-istripu latz eta lehor batean

Halakoa sentitu nuen larunbat arratsalde honetan, telefonoz bestaldeko ahots adixkide batek esan zidanean: Juanjo Zearreta hil da! Hasieran harridura, gero, sinestu ezina; azkenean, etsipena eta samina.

Gertu-gertukoa izan dut beti Juanjo Zearreta Euskaltzaindiaren kudeaketa lanetan. Larunbat goizean bertan hitz egin genuen aste honetako programazioari buruz. Zehatz, prestu, jakintsu... eta eskarmentu handikoa.

Hura zen Villasantek duela 30-40 urte Euskaltzaindira ekarri zuen taldearen kidea: Zearreta, Lizundia, Badiola, Artza... ez dira alboan uzteko modukoak Akademiaren historian. Horiek ahalbidetu eta ziurtatu dute urte luze eta latzetan Akademiaren zeregina eta presentzia.

Badira Zearretaren biografian xehetasun adierazgarriak, euskal kulturari emanak, besteak beste, Euskaltzaindiaren kudeatzaile, lehen ere kontu-eramaile izan zela, bertsozale, alfabetatze kanpainen sortzaile, euskara irakasle, sustatzaile nekaezina... gutxi izango dira Euskal Herrian zehar haren ekimenaren berri izan ez dutenak.

Lanerako beti prest eta gogotsu, erakundearekiko leiala, ordu asko eman ditu Juanjok Euskaltzaindiaren zereginetan. Beti erne, beti adi, azken ukitu arte, Euskaltzaindiak antolaturiko ekitaldietan dena erraz eta gozo joan zedin.

Bazen, alabaina, beste Juanjo Zearreta, niretzat barnerakoagoa, adixkideagoa. Hark kontatzen zituen bere lehen garaiak Akademian, Eusebio Erkiagari bisitak egiten zizkionean, bien artean Euskaltzaindiaren kontuak eramateko. Edota futbolerako zaletasuna, urte luzetan izan baitzen Juanjo Zearreta San Mames futbol zelaiaren esataria, euskaraz eta gaztelaniaz, jokalarien eta jokoaren gertaerak aldarrikatzen zituena.

Hamaikatxo aldiz jardun dugu horri eta beste gauza askori buruz, bera eta zuzendaritzakideok edota euskaltzain osook, Akademiaren kezken aringarri eta atsedengarri.

Euskaltzaindiaren historian Juanjo Zearretaren izena letra larrietan idatziko da. 90 urte bete ditu Akademiak berrikitan. Joan Mari Torrealdaik eta Imanol Muruak egindako liburu egokian dugu Juanjo Zearreta, euskaltzain eta langileekin batera, irudi dotore batean. Hura zen Akademiaren jagolea, hura zen gure erakundearen oroegilea.

Isilean, ekinean... halaxe erakutsi zigun guztioi, halaxe ikasi dugu gazteagoek berarengandik. Juanjo joan zaigu, auto-istripu latz eta lehor batean. Etxekoak ere ukituak izan dira. Zorionez, osatze bidean daude.

Egun, hala ere, bera gure artean ez dugula, gogoratu behar ditugu hark utzi dizkigun lan egiteko moldea eta tenorea, erakundearen gobernamendurako eitea, giza legea eta ororen gainetik, adixkidantza eta leialtasuna.

Saminaren barne-barnetik, egun handirarte, Juanjo!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo