GARA > Idatzia > Kultura

Tolosa eta Hendaia; lehenengo itzuliaren azken txanpa

Bertsolari Txapelketa Nagusiko errusiar mendiak, hamaika itzulipurdiren ostean, gero eta gertuago du BECeko helmuga. Bergara, Gasteiz, Tolosa eta Hendaian jokatutako finalaurrekoetako lehen itzulian puntu gutxien lortzen dituzten sei bertsolariak geratuko dira lehiatik at.

Ane ARRUTI | BILBO

Oraindik ezer argitzeke, baina pixkanaka ari da urriaren hasieran hain urrun ikusten zen abenduaren 13a gerturatzen. Txapelketaren finalaurrekoen lehenengo itzuliko azken bi saioak jokatuko dituzte gaur eta bihar, Tolosan eta Hendaian.

Honaino iristea lortu duten 24 bertsolarietatik seik txapelketa utzi beharko dute. Bestalde, aurrera egiten duten gainerakoak, finalean kantatu nahi badute behintzat, puntu sorta ederra biltzeaz arduratu beharko dira, lehenengo itzuliko eta bigarrengoko puntuak edukiko baitira kontuan sailkapena erabakitzeko.

Gaurkoan Igor Elortza eta Sustrai Colina izango dira Tolosako Usabal kiroldegian errusiar mendira lehenengoz igoko direnak. Pasa den asteburuan ikusi zen 2005eko finalista izan arren bertsotan egin behar dela aurrera egiteko, eta argi dago ondoan izango dituzten Iñaki Gurrutxaga, Ainhoa Agirreazaldegi, Uxue Alberdi eta Iker Zubeldia ere euren onena ematera igoko direla oholtzara.

Hendaiako Beltzenia pilotalekuan, berriz, Jon Maia eta Amets Arzallusen estreinako saioa izango da, eta Julio Soto, Jone Uria, Iker Sarriegi eta Onintza Enbeitak osatuko dute bigarren itzuliko hiru seikoteak erabakiko dituen saioa.

Orain arte bezala, bertsozaleen ikusminak gora eta gora jarraitzen du. Bergaran eta Gasteizen gertatu bezala, bi saioetarako sarrerak bukatu egin dira Interneteko salmentan, eta arratsaldeko lauretatik aurrera leihatilan berrehuna sarrera jarriko dituzte salgai. Hori bai, mugatu egingo da bakoitzak eskura ditzakeen sarrera kopurua. Pertsonako gehienez lau salduko dituzte.

SARRERAK

Bi saioetarako sarrerak bukatu dira, baina 16.00etatik aurrera berrehuna sarrera jarriko dituzte salgai. Pertsona bakoitzeko gehienez lau salduko dituzte. Bertsolariak 17.30ean igoko dira oholtzara.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo