Gehiengo sindikalak maiatzaren 21ean hasitako bidea zuzena da eta emankorra behar du izan
Lakuako Gobernuaren aurrekontuek eta oro har haren politika ekonomikoak langileei eragindako haserrearen erakusgarri izan zen atzo goizean euskal gehiengo sindikalak deituta Gasteizera bildutako jendetza. Krisialdi betean prestatutako aurrekontuek aurreko gobernuen politikari eusten diote, langileei eta behartsuenei bizkarra emanez; beraz, ez da harritzekoa aurrekontu horiek, PPren begiradapean sortuak, EAJren eta Hamaikabaten sostengua jasotzea. Eta adierazgarria da polizia indarretara bideratutako gastua gizarte gastua baino gehiago emendatzea. Azken batean, aurrekontu horiek huts egin duen eredu ekonomiko baten araberakoak dira; horregatik, atzo Gasteizera bildutako jendetzak krisialdia eragin zuen politika ekonomikoa aldatzeko eskatu zuen. Izan ere, atzoko mobilizazioak, Lakuaren aurrekontuak salatzetik harago, erakutsi zuen euskal gehiengo sindikalak maiatzaren 21ean hasitako bidea ez dela egun bateko kontua. Ondoren dekalogo bat landu eta aurkezteko gaitasuna erakutsi zuen, eta Donostian egin zuten ekitaldiak jarraipena eman zion. Atzo berriz sumatu zen bide hori zuzena dela eta emankorra izan daitekeela.