GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Begoña Garcia Bolado | Astigarraga

Burlarik ez!

Ezta gezurrik ere! Legebiltzarkide, diputatu jaun edo anderea, azken hilabeteetan ugariak izaten ari baitira hondakinen kudeaketaren inguruan.

Burla da, esate baterako, Legebiltzarrak onartzea Herri Ekimen Legegile bat aurrera eraman ahal izateko sinadura bilketa, Hondakinen Euskal Legea eztabaidatzeko helburuarekin; eta eskatutako 30.000 sinadurak gainditu eta Legebiltzarrera eraman direnean, eztabaida bera ere ukatzea. Hau al da herritarroi eta geure iritziei diguzuen errespetua? Honelako «demokrazia» aspaldi asmatuta dago: agintariek dakizue guk, herritar xumeok, behar duguna. Guri soilik dagokigu zuek esandakoari amen egitea; batzuek botoa eman zizueten, eta beste lau urtean txintik esateko eskubiderik ez dugu.

Gezurrak asko dira, baina bakar bati helduko diot: «Erraustegiak 40.000 etxebizitzarentzako energia sortuko du». Zaborrak erretzetik ez da oilategia argitzeko energiarik sortuko. Lehengaiak eta dirua xahutzeaz gain energia ere xahutuko da, lehenik Gipuzkoa osotik Zubietaraino ekarri beharko direlako zaborrak; bigarrenik, zabor horiek duten ura (%80a inguru, materia organikoaren kasuan) lehortu egin behar delako eta, bukatzeko, zaborrak tenperatura altuan erre daitezen erregaia (gas naturala, gasolioa) gehitu behar zaiolako.

Energia sortuko da, baina ez zaborretatik, gehitzen zaion erregaitik baizik, eta horretarako ez da beharrezkoa zaborra. Zaborra erretzeak sortuko dituenak ke eta errauts toxikoak dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo