GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Lau eta erdiko txapelketa

Kaiolan gero eta leku gutxiago geratzen da

J.O.

Huts egiteko zituzten aukerak guztiak amaitu zitzaizkien iragan asteburuan Juan Martinez de Irujori eta Julen Retegiri, eta gaur Iruñean galtzaile suertatzen dena lekurik gabe geratuko da gero eta txikiagoa den kaiolako lehian. Faborito gisa irten arren, egungo buruz buruko txapeldunak Gonzalezen aurka galdu egin zuen Zarautzen, eta argi ibili beharko du, bere aurkaririk gogorrena den Aimar Olaizolari gertatu bezala, Labriten inolako aukerarik gabe utz baitezake Julen Retegik.

Lapurtarraren aurka hogeita bira heltzerik izan ez zuen arren, Aritzbatalden egindako lanarekin gustura zegoela adierazi zuen Juan Martinez de Irujok, gaurko pilotak aukeratzeko unean. Gustura ikusi zuen bere burua kantxan, eta «jokaldi garrantzitsuetan zorte apur bat falta» izan zitzaiola iritzi zion. Julen Retegiri irabazi ahal izateko ere ideiak nahiko garbi ditu Irujok, «gainerako partida guztietan bezala, teoria oso erraza da, piloteoan nagusitu, tantoa landu eta ondo amaitu».

Faborito ez izan arren, Julen Retegik ere ondo daki gaurko partidan presio handia izango duela, Titinen aurka 14 tantoan geratu ostean, gaur berriro galduta, agur esango liokeelako bere ibilbideko lehen final handian izateko aukerari.

Txapelketa honetan txanponaren bi aldeak bizitzea egokitu zaio Julian Retegi handiaren semeari, gaurko partida jokatuko den Labriten bertan partida ikaragarria osatu zuen, egungo txapelduna lehiaketatik at utziz. Iragan astean Eibarren, aldiz, hamalau tanto baino ez zituen egin Titinen aurka.

Porrot horren irakurketa ere egin du Retegik, eta argi dauka sakea izan zela giltzetako bat. Ez zen fin aritu errestoan eta kaiolan jarraitzeko hobetu beharra dauka.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo