Euskal preso politikoen kolektiboa
Espainiako Gobernuaren azken erasoak
Espainiako Gobernua itsu eta temati, euskal presoon kontrako urrats berriak ematen ari da. Haatik, agerian uzten du euskal presoon auzia errotik heltzeko gaitasun politiko demokratiko eza. Bere zitalkeriaren tamaina nabarmen geratzen ari da euskal gizartearen aurrean eta baita nazioarteko komunitatearen aurrean ere.
Euskal presoon irudien aurkako ehizan daramatzate murgilduta azken hilabeteok “inpunitate espazioak” ezabatzeko delako asmo faxistarekin. Jazarpenaren paradigma osatu eta ikusgarri egin nahi dute. Tentelkeria politikoa halakoa, dakarren min eta sufrimendurik ez balego, irudiok ezabatu asmoan desagerrarazi nahiko luketena ez balego.
Orain berriz, zirkular klandestino baten formarekin bisitaldietara datozkigun gure senide eta lagunen miaketak agindu dituzte. Urrats bat bestearen atzetik heldu zaigu. Presoon eskubideen aldeko mobilizazioak indarkeriaz zapuztu, gure irudiak debekatu, senide eta lagunak bidaietako errepide bazterretan kontrolatu, Etxerat elkartearen legez kanporatzea astindu eta orain azkena, bisitak ezabatzeko helburuarekin, elkar ikusteak egin ahal izateko gure senide eta lagunak goitik behera miatzea. Ez ote du agintarion dignitate ezak mugarik? Ba ote da urrats baxuagorik ematerik?
Ohartarazi nahi dugu Espainiako Gobernua: ez dugu pasatzen utziko eraso berri hau!
1. Ez dugu onartuko gure senide eta lagunekiko edonolako jazarpenik. Ez dugu onartuko haiekiko tratamenduan dignitatearen beheramendurik. Eraso bakoitza erantzungo dugu, begirunez tratatuak izango direla bermatu arte.
2. Ez dugu egoera laidogarri eta umiliagarriak ekarriko dituzten bisitaldirik onartuko. Tratu duin eta begirunezkoa izateko eskubidearen alde borrokatuko dugu, azken 30 urteotan egin dugun bezala.
Euskal presoak
Euskal Herrira!!
2009ko azaroa