Floren Nazabalek bere aginte makila erakutsi du
Larretxeak pasa den igandeko pasadaren hondarrak nabaritu zituen, eta ezin izan zuen gehiegi estutu.
Jon LEUNDA
Floren Nazabalek aurreikuspenak bete egin zituen eta berak jantzi zuen atzo Dobezteben Nafarroako maila nagusiko txapela. Sekulako jendetza batu zen finala ikustera, pilotalekua gainezka egon baitzen. Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu behar izan zituen. Gerriko arazoak medio, Miel Mindegia ez zen aritu.
Etxarrikoa zen irabazteko faborito nagusia, eta ez zuen hutsik egin. Lehen enborrean aurre hartu zuen, eta hortik aurrera finala kontrolpean izan zuen, nahiz eta bi unetan gauzak ez ziren nahi bezala joan.
Lehenengo ezustea, bigarren enborrean heldu zen. Lopezek aurrea hartu zuen, eta Lezaungoa izan zen aurrena amaitzen, bigarrenari, Nazabali, 44 segundo kenduta. Hirugarren enborrean, lehen 60 ontzakoan, ordea, atzera geratu zen, eta Larretxeak ere aurre hartu zion.
Bigarren estualdia lan erdietako enborrean izan zuen, lehen oinbikoan. Hor enbor txarra egokitu zitzaion, eta berak amaieran esan zuenez, etsi ere egin zuen, baina Larretxeari ere ez zitzaion onegia egokitu, eta 40 segundoko tartearekin sartu zen bigarren zatian. Lan erdi hauetan, Lopez zen hirugarren, jadanik dezente atzeratuta, eta askoz ere atzerago zegoen Antonio Senosiain.
Beraz, sailkapena ia erabakita geratu zen seigarren enborretik aurrera, eta ez zen aldaketarik izan. Nazabalek berak nahi bezala eraman zuen amaiera, Larretxeak aurreko igandean jasotako pasada ere nabaritu zuen, eta ezin izan zion berak nahi bezala aurre egin Etxarrikoari. Lopez izan zen hirugarren, eta Senosiain, laugarren.
Nazabalek, 27 minutu eta 34 segundo behar izan zituen lanak burutzeko. Bigarren Larretxea izan zen, eta honek 29 minutu eta 38 segundo behar izan zituen. Hirugarren Lopez izan zen, eta 30.25 izan zen bere denbora. Eta azkena, berriz, Senosiain, 35.27ko denborarekin.
Amillano geratzen da
Nafarroako Bigarren Mailan aritzeko kanporaketa ere jokatu zuten atzo Juan Telletxeak eta David Amillanok, eta azken honek lortu zuen mailan jarraitzeko txartela. Sakanako aizkolariak bi kana-erdiko eta 60 ontzako enbor bat mozten 9 minutu eta 33 segundo behar izan zituen. Lan bera egiten, Telletxeak 12 minutu eta 3 segundo behar izan zituen. Txapelketan, Telletxea izan zen azkena, baina Amillanok ezin izan zuen parte hartu, eta horregatik eskatu zuen jaitsierako kanporaketa bere aurka jokatzea, nahiz eta galdu egin duen.
Nafarroako trontzalarien Bigarren Mailako Txapelketa ere jokatu zen, eta Eugi-Iribarrenek irabazi zuten. 13.16 izan zen beraien denbora eta 20.53 Legarrea eta Etxeberriarena. Hemen, bikote bakoitzak 45 ontzako enborrari 10 epai etzanda eta 4 zutik eman zizkion.
Etxarrikoak bi estualdi izan zituen atzoko finalean. Bigarren enborrean 40 segundoko tartea kendu zion Lopezek. Bosgarrenean, berriz, enbor txarra izan zuen, eta Larretxea gerturatu egin zitzaion. Hala ere, txapeldunak ez zuen hutsik egin.
Julian Larreak kanako enborra moztuko du bere omenaldiaren egunean, nahiz eta jadanik 80 urte beteta dituen.
Egitarau luze bezain zabala antolatu diote Larreari. Ekinaldia 12.00etan hasiko da, eta tarte horretan, bertsolariak, aizkolariak, harri-jasotzaileak eta trontzalariak izango dira, amaiera 13.30 aldera izateko. Larrearen ahalegina 12.30ean izango da. Ekinaldia Diman izango da, Axpe goikoa erretegian.
Bestalde, Erasun Kantabriko tabernan egongo da gaur, 19.00etatik aurrera, Aizpururen zain apustua egiteko, baina badirudi nuarbetarra ez dela agertuko. J.L.
Arbenoitz, Tubi eta Lapazaran izango dira faborito bihar 12.00etatik aurrera Zollon jokatuko den Euskal Herriko lasto-jaurtiketako finalean. Guztira bederatzi kirolarik eman dute baiezkoa, eta Lapurditik, Bizkaitik, eta Arabatik joango dira finala jokatzera.
Astigarragan, 17.00etatik aurrera hasiko da Euskal Herriko Goma Gaineko Launako Txapelketa. Ñapurrak, Abadiño A eta B, Sokarri A eta B, Barrundia, Auzolan eta Ibarra lehiatuko dira 320 kilotan. Arbizun, ordu berean, Nafarroako Zortzikoa hasiko da, 640, 600 eta 500 kilotan.