GARA > Idatzia > Kultura

Kemen Lertxundi kantugileak «Begi berriak atzo gaueko irudientzat» lana aurkeztu du

Gaztelupeko Hotsak etxearen eskutik, «Galdutako zubixak» lanarekin ezagutu genuen Kemen Lertxundi, olerkari eta musikari. Kantugile, bigarrena eman du argitara orain, «Begi berriak atzo gaueko irudientzat».

p050_f01_148x076.jpg

Anartz BILBAO | DONOSTIA

Bere burua disko liburu batekin aurkeztu, eta «aurreko lanaren garapen bat» eman du orain argitara Kemen Lertxundik, «Begi berriak atzo gaueko irudientzat». Bertan, «zuzenekoetan gorputza hartzen joan diren kantuak» bildu ditu, udan grabatu, eta orain, udazkenean, argitara emanak Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin. Jarraian, plazara agertu, eta abendutik aurrera kantuak zuzenean jotzeko asmoa du taldeak.

Lertxundiren izenean plazaratutako lanean -Leonard Cohenen «Gaur gauez» izan ezik, bereak ditu musika eta hitz guztiak-, Aitor Agirrek baterian, Joseba Zabaleta Arrizabalagak baxuan, Lizar Gojenolak gitarran, Oier Poncek teklatuan eta Maialen Urien arrabitariak eta Milia Maiora txelo jotzaileak ere parte hartu dute, lehen lanean bezala. Ondarroarraren esanetan, «bidea egin dugu zuzenekoetan, eta taldea gorpuztuago dago orain». Hala, aurreko lana «ondo definitu gabe» zegoen bitartean -«esperimentutzat har baitezakegu»-, honakoan «trinkotasun handiagoa» ikusten dela nabarmendu du.

«Galdutako zubixak» lanean «kantuak guretzako grabatuak ziren eta olerkiekin batera emanak». Oraingoan berriz, musikan zentratu da goitik behera poesian zein musikan eroso sentitzen den Lertxundi. «Poesia berez ateratzen da, irakurria izateko». Kantuak berriz, «musikan du oinarria, eta gero egokitzen zaio hitza». Modu horretan gainera, hitzak indar berezia hartzen du, «testuekin poetikotasun bat lortu behar baita, barrutik mugituko zaituena». Eta doinu eder batek hitz bikainak behar ditu kantu borobila erditzeko. Eta horretan dihardu Lertxundik, lasaitasuna eta arreta eskatzen duen musika garatuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo