GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Jon Monux AGOTE, Belen ARRONDO eta Josu ZALBODEA I STEE-EILASeko kideak

«Aldaketa lasaia» ezartzeko, hezkuntza ere uniformizatzen

Euskal Herria ia desagerrarazi egin dute dekretu berrietan, baina alferrik. Euskal Herria izena ezkutatu nahiak ez du bere izana desagerraraziko

Hezkuntzaren esparruan hobekuntzak txertatuz, «aldaketa lasaia» eraman nahi zutenek, ondo asko asaldatu gaituzte egunotan. Hezkuntza Sailak azaldu ditu behingoz bere egitasmo batzuk. Sailburuak komunikabideen aurrean egindako agerraldiaren ondoren, dagoeneko ez dago zalantza izpirik. Adierazpenoi birkonkista kutsua darie, adostasun giroa baino. PPrekin hitzartutakoa ez bada, noski.

Orain arte PSEren transbertsalitatea ulertu nahian genbiltzan, zertan zetzan ari ginen aztertzen. Hezkuntza arloan nola iritsi gintezkeen adostasun zabaletara, hizkuntzetan nolako trataera bateratua eraman beharko genukeen ikastetxeetan eta abar. Hori guztia zirt eta zart batean amaitu da, eztabaidarako aukerarik eman gabe.

Onartezina da erabili den modua. Hezkuntza eragileok, ikastetxeek eta irakasleriak aldaketa hauen berri komunikabideen bitartez izan dugu. Ez da inolako harremanik, ez bilerarik, ezta eztabaidarik izan. Non dira «kontsentsuan» oinarritutako akordioak eta adostasun zabalak lortzeko eskaintza? Hau al da hainbeste aldiz errepikatu zaigun estilo berria? Goitik beherako dekretuek izena badute, agintekeria esaten zaie. Azken batean, garai bateko despotismo ilustratua datorkigu burura, «dena eskolarentzat, baina eskola kontuan hartu gabe».

Onartezina da hezkuntza sistemaren partaideoi aurpegiratu diguten salaketa. «Hezkuntza sistema doktrinamendu nazionalistan» ari dela esatea zentzugabea eta oinarririk gabekoa da. Agian, hori dioena inkontzienteki bere asmo doktrinatzailea erakusten ari da.

Horrelako iraina mingarria da irakasleontzat, besteak beste. Nola edo hala ezinbesteko laguntzaile eta susmagarri bihurtzen gaitu, balizko doktrinamendu operazio batean. Jakina, bietako bat pentsa daiteke, ergel hutsak garela jakin gabean doktrinatzen ari garelako edo maltzur galantak, nahita eta jakinaren gainean, haur eta gazteak doktrinatzen ditugulako.

Ozen esan beharra dago, irakasleok lehenik eta behin, hezitzaile garela eta profesionalak. Edozein motatako manipulazio gure jarduera zein xedeen aurka doa, kutsu politikoa, erlijiozkoa edo dena delakoa izan. Gure ikasleak etorkizunean pertsona aske eta kritiko izan daitezen hezi nahi ditugu eta horretan aritu gara orain artean eta aurrerantzean ere horretan arituko gara, sailburua kolore batekoa edo bestekoa izan.

Curriculum dekretu berrien edukiei dagokienez, zenbait aipamen orokor egin ditugu. «Elebitasun orekatua behar dugu»; honelako bitxikeria entzun zaio sailburuari. Gezurra dirudi, baina egia borobilak berriz errepikatu beharrean gaude. Bistan da, kalean eta gizartean, euskara eta gaztelania ez daudela maila berean, inondik ere. Euskarak bizi duen egoera diglosikoa ezagututa -gaztelania hizkuntza hegemonikoa izanik-, hizkuntza gutxitua lehenesten ez duena hizkuntza nagusiaren, gaztelaniaren, mesedetan ari da. Curriculumetan bi hizkuntzei trataera bera ematea, balizko neutraltasun baten izenean, zinismoz jokatzea dela esatea ez da gehiegikeria bat.

Ikasleen benetako elebitasuna lortzeko, alegia, Euskal Eskola Publikoaren Legeak dioen bezala, erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan gaitasuna bermatzeko, gure ikastetxeetan euskarak bultzada berezia behar du, lehentasunezko trataera, hain zuzen ere. Hor daude ikerketak (ISEI-IVEI) eta txostenak (Euskadiko Eskola Kontseilua), euskararen gaitasunean gure gazteek azaltzen duten hutsunea adierazten dutenak.

Hala ere, gure ikasle gehienek euskarazko ereduetan ikasi arren, horrek ez die kalterik sortzen euren ikasketak aurrera eramateko. PISA txostenak zioenez, hemengo gazteen emaitzak hobetu behar badira ere, espainiar Estatuan lortzen diren batez bestekoen gainetik daude, baita gaztelaniaz eginiko probetan ere. Harrigarria da, baina hezkuntza arduradunek ikusten ez dutena gizartearen gehiengoak primeran antzematen du. Izan ere, 2009-10eko matrikula berrian, gurasoen %71k D eredua aukeratu dute euren haurrentzat; aldiz, A eredua %5ek.

Bestalde, Euskal Herria ia desagerrarazi egin dute dekretu berrietan, baina alferrik. Euskal Herria izena ezkutatu nahiak ez du bere izana desagerraraziko. Errealitate bat estali nahiak funtsean ez du ezer aldatuko. Bestalde, gogorarazi behar da Euskal Herria askoz zaharragoa dela euskal tradizioan, Eu(z)skadi hitza baino. Egitura politiko-administratibo bat ez bada ere, Euskal Herria errealitate linguistiko, sozial, kultural eta historiko bat da, herri edo nazio bat biltzen duena. Eta jakina, aldi berean, egungo gizarte guztiak bezala, euskal gizartea anitza da, identitate zein jatorri ugariz osaturik, elementu aberasgarri gisa.

Zein da bada arazoa? Zergatik duela 15 urte Alderdi Sozialista Jaurlaritzan zegoenean hainbat testuliburu onesten zituen, bertan Euskal Herriko mapak, deskribapenak eta abar jasota zeudela? Nor da identitatearekin itsututa dagoena?

Halaber, heziketa prozesu osoa giza balioetan bideratzea ezinbestekotzat jotzen dugu, bere zutabeetako bat baita. Hain zuzen ere, «giza eskubide guztiak guztiontzat» printzipioan oinarrituta izan behar du. Aniztasuna, elkarbizitza, begirunea, berdintasuna, elkartasuna... onartu ez ezik, egunerokoan barneratu behar ditugu, eskolan zein gizartean. Ildo beretik, gatazkek elkarrizketaren bidez eta indarkeriarik gabe behar dute konponbidea.

Halere, indarkeriak sorturiko alde biko edo anitzeko biktimekiko aitortzak eta begiruneak ezin gaitu eraman eskoletan soilik horietako batzuk txertatzera. Oso gai konplexua da (ETAren indarkeria, estatu indarkeria, genero indarkeria...) eta denon artean bilatu behar ditugu erronka hau ikastetxeetan era egoki batean bideratzeko moduak. Euskal gizarteak berak gainditu gabe duen erronka bat izanik, eskolak ezin du nolanahi bere gain hartu. Honen harira, ez al da doktrinatzea curriculum berrian hiritartasun demokratikoa «Espainiar Konstituzioan eta EAEko Autonomia Estatutuan inspiratua» behar duela esaten zaigunean, gure gizartean hain korapilatsua den gaia dela jakinik?

Amaitzeko, erregu bat egin nahi genioke sailburuari. Hezkuntza sistemak ez du merezi honelako zalapartarik. Zarata gutxiago behar du eta patxada gehiago. Ikastetxeek lasaitasunez ekin behar diote egunerokoari, astindurik gabe. Irakasleok nahiz hezkuntza eragileok errespetua merezi dugu. Ikastetxeek, berriz, baliabide gehiago eta uniformizatze asmo gutxiago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo