GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel ETXEBERRIA I Irakaslea

Askatasun bideetan autonomia!

Gure ildoa ez da aldatzen, oinarrizko aldarrikapenak eta eskakizunak jarraitzen ditugu, abertzaleak elkartuz, gure nortasunak, gure herria bizi dadin gaur eta bihar, inor zapaldu gabe askatasun bideetan

Hamar urte kartzelan. Urrun baina gurekin. Hamar urte borrokan zuen ziegatik Euskal Herria gogoan. Atzo gauean elkarretaratzea egin dugu, elkartu gara gurekin helburu bera bilatzen jarraitzen duzuelako. Ez dugu hamar urte horien karietara ospakizunik antolatu, jasaten duzuen zigorra ez baita erabaki zuzena, bi estaturen herraren isla baizik. Elkarretaratze horrek ez duela deus ospatzen nabarmentzeko hiru gazte atxilotu zituzten, frantses bandera bat ebatsi zutelakoan. Nork ebatsiko luke frantses bandera bat? Zertarako? Hemen ditugun frantses banderak eskaintzen dizkiogu UMPi, frantses identitate nazionala ospatu nahi dutenei oparitzen dizkiegu.

Hamar urte urrun zaudetela eta, autonomia aldarrikatu dugu, autonomia lehen urratsa independentziaren bidean, indar abertzaleak lema horren inguruan bildu nahi ditugu, botereak beldurra eta mehatxua hedatu nahi baititu. Hiru atxilotuetako baten aita abokatu abertzale ezaguna da, mehatxua ez da azalekoa. Hiru gazteak askatu dituzte, baina ez dute auzirik saihestuko, hemen ere, Hegoaldean bezala, tresna berak erabiltzen dituzte mugitzen direnen aurka. Horren gelditzeko aterabide bakarra dugu indar abertzaleen arteko lotura koherentea antolatzea, ideien uniformizatzerik gabe, baina bultzada berri baten lortzeko hauteskunde berri batzuen atarian.

Instituzioa Ipar Euskal Herriarentzat eskatuko dute hautetsiek, definitu gabe, alegia oso zaila dela azaltzea zer nolako instituzioa behar dugun! Alta, oso garbi dago zer behar dugun, jurista onenek aztertu dute gaia, erran digute zer nolako esperientziak dauden Europan zehar, zer emaitza dauden eta, elementu horiek guztiek ikusi eta gero, denek dakite autonomiak erantzuten duela gaur egun ditugun arazoei gure jendartearen antolatzeko. Instituzio bati buruzko debateekin jarraitzeak erabakien hartzeko unea gibelatzen du, Estatuari tramankulu berri batzuen aurkitzeko denbora ematen dio. Horrekin bukatzeko garaia da. Autonomiak eskumenak ematen dizkigu, zer diote horretaz Parisen? Prest al daude horretaz hitz egiteko? Hau da funtsezko debatea eta horri aurre egin behar diogu. Hemengo jaunttoek ederki dakite. Badakite benetako erantzunak nahi ditugula. Guri dagokigu bultzada ematea, egoera horretan jarraitu nahi ez badugu.

Jaunttoak gure arabera erreakzionatuko dute eta sorpresak izan litezke, nahiz eta sorpresa maila desberdina izan daitekeen. Euskarari buruz oso interesgarria izan da entzutea Brisson jauna euskara defendatzen eta berehala euskararen ofizialtasuna ukatzen. Zer nolako babesa ematen digun UMPko euskararen aldeko hautetsiak! Ez zen benetako sorpresa, indar handiak egiten baititu euskara babestu behar dela sinetsarazteko, zinez eragina izanen luketen neurriak hartzeko unean ez du burua galtzen, Estatu frantsesaren interes nagusiak segurtatzen ditu. Sarkozyren erreinuan tokiko ordezkariak zintzo!

Horregatik gure ildoa ez da aldatzen, oinarrizko aldarrikapenak eta eskakizunak jarraitzen ditugu, abertzaleak elkartuz, gure nortasunak, gure herria bizi dadin gaur eta bihar, inor zapaldu gabe askatasun bideetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo