MENDIKO ESKIA I Euskal lehiak
Eski alpinismoa, EMF-ren denboraldia ate-joka ari da
Euskal Mendizale Federazioko mendiko eskiko arduradunek aurkeztu dituzte denboraldi berriko asmoak. 2010eko lehiaketen hitzorduak bete-beteta daude. Aurten ere, gazteei bultzada indartsua emango zaie.
Andoni ARABAOLAZA |
Udazkenak dagoeneko aurkeztu digu bere lehenbiziko jantzi zuria. Elurra egin du inguruko mendi garaienetan, eta, horren ondorioz, mendiko eskiaren zale asko urduri samar daude. Giro honetan, Euskal Mendizale Federazioko mendiko eskiko arduradunek denboraldi berrirako asmoak aurkeztu dituzte. Jakina, xede hauek guztiak lehiaketekin lotuta daude; alabaina, badute beste ekimen motarik ere. Eta horiei helduko diegu lehenik.
Iaz bezala, eski alpinismo ikastaroek beren lekua izango dute. Pare bat egonaldi prestatu dituzte: abenduaren 19 eta 20an; eta abenduaren 19tik 22ra. Helburua oso argia da: eskiatzaileak espezialitate honetan jantzi eta gazteak erakarri. Luz Ardiden-Tourmalet ingurumarian izango da hitzordua. Lehen aldiz, gainera, kronoigoera bat atondu dute. Kronotoy du izena, 450 metroko goranzko ibilibidea duena eta abenduaren 19an jokatuko dena. Egonaldietarako izen ematea abenduaren 11n bukatuko da eta 21 urtetik beherakoek %65-eko diru-laguntza jasoko dute. Izen ematea: 943 474 279 telefonoan.
Egutegi oparoa
Ekimen hau alde batera utzita, EMFkoek eski alpinismoko lehien denboraldiaren berri eman dute. Eta, oro har, lasai asko esan dezakegu aurten ere makina bat hitzordu antolatu dituztela; bai nagusien mailan, baita gazteen mailan ere.
Ohi den legez, lehiaketa garrantzitsuena, sona handiena duena, Euskadiko Txapelketa izango da. Aurten, beste batzuetan ez bezala, hiru «adar» izango ditu. Banakako proba Cauterets-en jokatuko da (urtarrilak 17), taldekakoa Altitiy Irekian (urtarrilak 30-31) eta aurtengo berrikuntza, kronoigoera, Regil Sarian (matxoak 20).
Txapelketa alde batetik, eta bestetik, Euskal Kopa. 4 lehia proposatu dituzte. Cauterets, Altitoy Irekia, Regil Saria eta Vall Fosca (otsailak 20).
Hori guztia nagusien mailari dagokionez, baina gazteek ere izango dute beren indarrak neurtzeko aukera. Iazko Petit Pirineus zirkuituan (gazteen arteko Kopa da) lehiatuko dira FFME, FEEC eta EMF mendi federazioek antolatuta. Gazteen arteko bilgune honetan, federazio horietako teknifikazio zentroetan diren gazteek hartzen dute parte. 4 hitzordu: Altitoy, Luchon (otsailak 7), Vall Fosca eta Conangles (apirilak 10-11).
Lehiak aipatzen ari garenez, eski alpinismoko sailekoek ere aurtengo euskal selekzioko ordezkariak aurkeztu dituzte. Seniorren mailan Izaskun Zubizarretak eta Joseba Ormazabalek jardungo dute. Eta gazteen mailan, Ander Garmendia, Ander Sisitiaga, Lide Leibar, Maria Leunda eta Erlantz Gonzalez arituko dira.
Azkenik, eta azken urteotan Altitoyk izan duen goraldia ikusirik, federaziokoek adierazi dute izen-emateak datorren 23an zabalduko direla eta «soilik» 500 eskiatzailek izango dutela parte hartzeko aukera.
Informazio gehiago, www.altitoy.com-en.