Odriozola, Kantu Txapelketan nagusi hiru sari lortuta
GARA |
Gipuzkoako Kantu Txapelketako finala jokatu zen atzo Donostiako Antzoki Zaharrean eta Irati Odriozola oiartzuarra izan zen gaueko protagonista nagusia. Bakarkako lanetan eta bikoteka (Ane Badiolarekin batera) lortu zuen lehenengo saria kantari gazteak, eta ikusleek emandako saria ere berak eraman zuen etxera. Bakarkako saioan bigarren postua lortu zuen Amy Kerkhof bergararrak; eta maila berean geratu ziren, bikotekako lehiaketan, Eneritz Urrutia eta Maddalen Arratibel arrasatearrak. Taldekako borrokari dagokionez, Izaro, Aiora eta Garazik osatutako hirukote billabonatarrak eskuratu zuen lehenengo saria; haien atzetik, bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen Arantzetan talde azpeitiarrak.
Amaieran eman ziren sari berezien artean, Lorea Intxaurrandietak eskuratu zuen sorkuntza onenaren saria «Berezia» kantuagatik; A Capella saria Eider Zabaletak eraman zuen; adierazkortasunarena, Oihane Sarasolak; eta nortasunarena, Naroa Gerestak. Antolatzaileak pozik agertu ziren parte hartzaileen maila altuarekin eta finalak izan zuen harrera jendetsuarekin.