LASTO-JAURTIKETA
Tubik berriro ere Euskal Herrikoa bereganatu du
J.L.
Ez zen ezusterik izan eta Tubik lortu zuen Euskal Herriko lasto-jaurtiketako txapela. Berarekin batera, Arbenoitz eta Lapazaran ziren faborito, eta haiek bigarren eta hirugarren amaitu zuten. Beraz, denak uste bezala aritu ziren.
Kirolari bakoitzak 12 kiloko lasto fardoa erabili zuen. Kirol honek atletismoko altuera jauziarekin edo pertiga jauziarekin antzekotasuna du. Listoia altuera batean jartzen da eta kirolari bakoitzak hiru aukera ditu hori gainditzeko.
Guztietan onena Tubi izan zen. Jaun eta jabe izan zen gainera, berak lasto fardoa 6 metro eta 70 zentimetrora bota baitzuen. Bigarren izan zen Arbenoitz sei metroko marka eginda, eta hirugarren Lapazaran, marka bera eginda. Lapurtarrak baina, huts gutxiago egin zituen, eta horrek eman zion bigarren postua finalean.
Laugarren Hualde sailkatu zen, eta honek lasto fardoa 5 metro eta 30 zentimetrora bota zuen. Perez izan zen bosgarren 5,20ko marka eginda. Fernandez de Retana sailkatu zen marka bera eginda seigarren postuan.
Zazpigarren beste arabar bat geratu zen, Ruiz de Aretxabaleta; honek 5 metro eta 10 zentimetroko marka egin zuen. Zortzigarren sailkatu zen Juan Carlos Lopez, eta honek lasto fardoa bost metroko altueratik pasatzea lortu zuen. Bederatzigarren Pujana geratu zen, eta 4,80 izan zen bere marka. Azkena, berriz, Galarregi sailkatu zen, 4.40 metroko marka eginda. Txapelketa honetako protagonista nagusiak, bizkaitarrak, arabarrak eta lapurtarrak izan ziren. Nafarroak ordezkari bakarra izan zuen, eta hori geratu zen azkena. Gipuzkoak, berriz, ez zuen ordezkari bakar bat ere izan final honetan.
Apusturik ez
Ander Erasunek eta Josu Aizpuruk ez dute apusturik egingo, ez behintzat, oraingoz. Aurtizko aizkolariak bota zuen desafioa joan den igandean. Berak, 16 kana-erdiko aizkoran moztu, eta ondoren zezen-plazan 8 kilometro korrika jokatzeko prest zegoen.
Zita herenegun arratsalderako zuen egina Tolosan, Kantabriko tabernan, baina nuarbetarra ez zen bertaratu, eta azkenean ezin izango da apustua jokatu. Aizpuruk astean zehar esan zuen ez zela agertuko, baina bere berri izango zuela esan zuen Erasunek Euskadi Irratiari egindako adierazpenetan. Pentsatzekoa da, beraz, berak ere beste proposamen batekin desafioren bat botako duela.
Erasunek bi apustu jokatzeko deiak egin ditu azken urte hauetan. Lehenengoa gazteei bota zien, bera ere oraindik oso gaztea baita, baina inor ez zitzaion agertu. Oraingoan Aizpururi zuzenean egin dio desafio, baina berriro ere inor ez zaio agertu, eta apusturik jokatu gabe jarraitu beharko du. «Hirugarrenean baietz» esan ohi da, eta hurrengoan beharko du. Bitartean lanean jarraitu beharko du beraz.