KRONIKA I TXAPELKETA NAGUSIA 2009
Haizeak aurka jotzen duenean belak bildu eta arraunean egiten jakitea
Ametsek ezezkotik kantatu beharrean zalantzatik kantatu zuen, eta goi mailako bertsolari baten elegantzia erakutsi zuen
Zenbait ofiziok bertsolari bat haizearen alde eta bestea aurka jartzen dute, bietako batek iritzi orokortu baten aurka egin behar izaten duenean. Hori gertatu zen atzo, seiko motzean Jone Uriak eta Amets Arzallusek kantatu zutenean. Neba-arrebak ziren Amets eta Jone eta euren ama alargundua beraien adineko mutil batekin hasi zela jakin zuten. Ama mutil gazte batekin irteten hasi zela alegia. Gaiak jarrerak ere zehaztu zituen: Jone poztu egin zen eta Ametsek poztu ez zenaren paperetik kantatu behar zuen. Askoz jarrera erosoagoa zen Uriarena eta bere postura aprobetxatzeari ekin zion lehen bertsotik esanaz, mutil gazte batekin ikusteak ez ziola inporta amaren zorionak adina.
Bertso horren ostean, Ametsek bere maila eta fintasuna erakutsi zituen. Ez zela poztu esatea gogorra egingo zitzaion, bere pentsatzeko moduaren aurka egin beharko zuelako ziur aski, baina oso zirrikitu estua gelditzen zitzaion bertsotarako orduan. Nola irten gaiak jarrera bat zehaztu baina zuk jarrera horrekin bat egiten ez duzunean? Ametsek ezezkotik kantatu beharrean, zalantzatik kantatu zuen. Honela amaitu zuen lehen bertsoa: «Maite du edo gure amak ez du/ bakarrik egon nahi?». Goi mailako bertsolari baten elegantzia erakutsi zuen Arzallusek. Uriak bere aldeko posturari zukua ateratzen jarraitu zuen, esanaz ama ez zela bakarrik egon seme-alabei esker eta Arzallusek berriz ere galdera: «Ez da ba izango ez diogula/ nahikoa lagundu?». Hirugarren bertsorako, beste arrazoi bat bazuela aitortu zigun, saio amaieran, atzoko irabazleak Info7ko mikrofonotan, baina kantukidearen bertsoak zuen pisuagatik aldatu eta berari erantzutea erabaki zuela, bere lana borobildu beharrean. Txapela kentzeko modukoa iruditu zitzaidan.
Horretan ere bereizten dira goi mailako bertsolariak eta Amets Arzallus goi mailako bertsolaria dela zalantzarik ez dagoen arren, atzo beste behin erakutsi zuen. Edo hori da atzo Hendaian zeuden 1.500 iritzietako bat behintzat.