GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bargotako bizilagunek ezezkoa eman diote goi tentsioko lineari

Aurreko igandean bertatik bertara ezagutu zituzten Vianaldeko bizilagunek Castejon eta Gasteiz lotuko dituen goi tentsioko lineak inguru horietara ekarriko dituen aldaketak. Sare elektrikoaren aurkako elkarteak proiektuaren nondik norakoak ezagutarazi zizkien bertan bildutakoei. Euren esanetan, agerian geratu zen bizilagunen ezinegona. Bestalde, Arantza Quiroga Red Eléctrica enpresako ordezkariekin biltzekoa zen atzo.
p016_f022.jpg

GARA |

Nafarroako Bargota herriaren inguruetan 60 bat lagunek mendi martxa egin zuten igandean goi tentsioko sarearen aurkako taldeak deiturik. Ekimenaren helburua Vianaldeko lur horietatik igarotzekoa den Castejon-Murueta eta Gasteiz lotuko dituen goi tentsioko linearen aurka protesta egitea zen. Era berean, sare elektrikoaren eraikitze lanek mendi inguruetan zein aldaketa edo kalte ekarriko dituen bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten.

Horretarako, goi tentsioko linearen aurkako elkarteko hainbat kidek azalpenak eman zizkieten ibilaldian bildu ziren inguruko herrietako bizilagunei. Sare elektrikoaren ibilbidea zein lekutatik igaro daitekeen jakin zuten, lekuan bertan, eta azpiegitura honek ekar ditzakeen hainbat motako ondorioez ere mintzatu ziren. Agerikoa izan zen bertan bildu ziren bizilagunek euren herrietatik igaroko den proiektu erraldoi horrek eragindako kezka eta ezinegona. Nabarmena izan da Nafarroan zein Araban proiektu honen aurkako jarrera asmo horien berri izan zenetik. Arabaldean esaterako, 400 kW-eko goi tentsioko lineak zeharkatuko dituen hainbat herritako alkateek euren desadostasuna agertu zuten. Bestalde, sare elektrikoaren aurkako elkarteek ere hainbat ekintza egin dituzte. Horien artean, iragan urriaren amaieran Gasteizko kaleetan ehunka lagun bildu ziren proiektu erraldoi honi ezezkoa emateko.

Ganberaren ezezkoa

Hain justu, atzo bertan biltzekoa zen Gasteizko Legebiltzarreko presidente Arantza Quiroga, Red Eléctrica enpresa espainoleko ordezkariekin proiektu honen gainean dituzten desadostasunak konpontzeko. Izan ere, iragan azaroaren 10ean Gasteizko ganberako Ingurumen batzordeak Castejon-Gasteiz sare elektrikoaren kontrako proposamen bat onartu zuen. PPko parlamentari Laura Garridok aurkeztutako proposamenaren aurka agertu zen talde bakarra PSE izan zen.

Garridoren ustetan, Red Eléctricaren proiektua «onartezina» da, ingurumenean izango duen eragina «larria» delako. Horrela, goi tentsioko linea Arabako Lautadan N-1 errepidearen albotik igarotzea aurreikusten duen proiektua lehenesteko eskatu zuten.

ordezkariekin

Gasteizko Ganberak Castejon-Gasteiz goi tentsioko lineari ezezkoa eman ondoren, atzo Legebiltzarreko presidente Arantza Quiroga Red Eléctrica enpresako ordezkariekin biltzekoa zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo