Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com
Euskara, munduko hizkuntzarik zailena
Edo, behintzat, horrela adierazten du Ingalaterrako Kanpo Ministerioak burutu duen «ikerketa» berriak. Antza, hainbat diplomazialariri galdetu diete... ez dakit zelako galderak egin dizkieten, nongoak diren diplomazialariok, benetan ahalegindu ote diren komentatzen dituzten hizkuntzak ikasten edota zelako ikuspegia daukaten hizkuntza haien inguruan, baina, o! sorpresa!, munduko hizkuntzarik zailena euskara omen da.
Ni neu poztu egin naiz hori jakin dudanean. Azken batean, hizkuntza arraro, arrotz eta zail hori ikasteko gai izan banaiz, amari arrazoia eman beharko diot «¡ay mi niña, pero qué lista que es!» esaten didanean.
Egiten dira munduan benetan ikerketa kuriosoak, baina ezertarako balio ez eta, areago, ikerketatzat ere jo ezin direnen artean hementxe daukagu adibide ezin argiagoa. Ezin da neurtu munduko hizkuntzen artean zein den zailena edo errazena, oro har. Zailtasuna eta erraztasuna ikaslearen araberakoak dira: ama hizkuntzaren eta ikasi beharreko hizkuntzen artean antzekotasun mailak markatzen du batez ere muga hau. Ama hizkuntza gaztelania badaukazu, galiziera askoz errazago ikasiko duzu euskara baino; baina ama hizkuntza japoniera balitz, lepoa jokatu nuke, euskara beste hizkuntza asko baino errazagoa izango litzatekeela, sintaxi antzekotasunagatik, batez ere. Hizkuntza baten fonetikak ere (hizkuntza guztietan gauzarik zailena) zerikusi handia dauka, zenbait hizkuntza oso ezberdinak baitira alde horretatik.
Baina bestelako aldagaiak ere badaude tartean, hala nola ikasi beharreko hizkuntzaren aurrean zelako jarrera daukagun. Garcia de Cortazar historialari fatxorroa bazara, esate baterako, euskara askoz zailagoa egingo zaizu alemana, ingelesa, swahilia edo beste edozein hizkuntza baino.
Galdetuko didazue zergatik aipatu dudan orain Historiako Sari Nazionala (espainola) jaso zuen gizon jakintsua. Kasualitate hutsa izan da. Ez aipatzea, baizik eta historialari horrek emandako hitzaldi bati buruzko albistea topatu izana. Astelehenean eman zuen, Murtziako Unibertsitate Katolikoan, Aznarren FAESen eskutik.
Erraza da Bilbotik Murtziara joatea hainbat perla botatzera, hala nola Euskal Herrian %10ek baino ez duela euskara ama hizkuntza. Ez dakit datua nondik atera duen; agian, bere lagunen artean egin du inkesta eta lurralde osora estrapolatu du. Baina zer espero liteke hizkuntzak munduan soberan daudela esaten duen elementu batengandik?
Bota zuen gauza batean arrazoia eman behar diot, hala ere: Gasteizen Madrilen baino lehenago hitz egin zela gaztelaniaz. Murtzian esaldi honi emango zion zentzua, edozelan ere, suposatzen dut Espainia existitu baino lehen Euskal Herria espainola zela erakustea izan zela. Baina bai, gaztelania, antza, Burgos aldean sortu zen. Frantsesek esango luketen bezala, latinaren patois hutsa izan zen, euskararen sekulako eraginaz sortutakoa.
Horrexegatik, beste hizkuntza erromaniko guztiak ez bezala, bost bokal besterik ez dauzkazue. Eman eskerrak baskuenze-ari. Ezker abertzalearen estrategia ote, espainolek ez dezaten sekula santan ikasi ü, e irekirik, a hertsirik... ahoskatzen? Ummm...