Natalia Rodriguez Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundea
Elkartasunen arteko gatazka
Azken egunotan, euskal erakunde nagusiek jendaurrean azaldu dituzte beren aurrekontu proiektuak eta horiekin batera atera diren prentsa oharretan hitz batzuk behin eta berriro errepikatu dira: «Gastua murriztea, zuhurtasuna, zor publikoa»... Aurten diru-sarrerak ikaragarri jaitsi dira (kasu batzuetan %25eraino) beraz, inoiz baino zailago bihurtu da kontu publikoak diseinatzea eta, nola edo hala, departamentu guztietako aurrekontua murriztuko da. Ez da erraza izango banaketa egitea.
Erakunde askok diote politika sozialetako partidak ez direla murriztuko eta horrek lasaitasuna ematen dio hiritar kopuru handi bati. Politika solidarioen helburua da mundu mailako krisi ekonomikoaren ondorioak arintzea, zeina bazterkeria eta pobrezia sistematikoki sortzen duen garapen eredu ekonomiko baten ondorio baita. Gaur egun dauzkagun arazo larriak ez dira fenomeno isolatuetatik sortu; hertsiki lotuta daude indarrean dagoen eredu ekonomikoarekin, zeinak eragotzi egiten baitu zenbait herrialdek edo giza-taldek produkzio eta finantza baliabideak edukitzea Iparralde «garatuan» eta Hegoalde «ez hain garatuan». Hori dela eta, ongi etorriak izango dira pertsonak garapenaren ardatz bihurtzeko ahalegin guztiak.
2010ean Euskal Autonomia Erkidegotik garapenerako lankidetzara bideratuko den aurrekontu kopuruari dagokionez, hainbat arrazoi aipatuko ditugu lankidetzarekiko dauzkagun konpromisoak mantentzeko eta are gehiago, konpromiso horiek handitzeko. Lan zaila benetan, elkartasuna etxean behar dugula dirudien garai honetan.
Lehenik eta behin, pobreziaren eta desberdintasunaren aurkako borroka erantzukizun kolektiboa da. Horiek desagerrarazteko ekimen guztiek ikuspegi globala eta lokala izan behar dituzte eta fenomeno hauen ondorioak lantzeaz gain, horiek sortzen dituzten kausa estrukturaletan ere esku hartu behar dute. Horrela bada, besteak beste, berriro planteatu behar da mugarik gabeko hazkunde ekonomikoa arazo guztien konponbide dela dioen baieztapena. Aurrekontuak krisi globalaren testuinguruan aurkeztu dira, eta krisi horren ondorioz milioika pertsonari ukatu egiten zaizkio hainbat oinarrizko eskubide, besteak beste, elikadura, osasuna eta hezkuntza. Gaur inoiz baino gehiago, pertsonak jarri behar ditugu gauza guztien gainetik.
Bestalde, 2000. urtean, NBEko kide diren 189 herrialdek adostu zuten 2015erako erdira murriztu behar zela munduan zegoen pobrezia. Gobernariek Milurtekoko Adierazpena sinatu zuten, zeinaren bidez konpromisoa hartu baitzuten pobrezia desagerrarazteko eta garapenerako eskubidea pertsona guztiei iritsarazteko. Helburu horrekin garatu zituzten Milurtekoaren Garapenerako Helburuak (MGH). Krisiaren aurretik MGHak ez betetzeko arrisku handia bazegoen, egungo testuinguruan are handiagoa da mehatxua.
Nazioartean ez dira bete onartutako konpromisoak. Esaterako, Nazio Produktu Gordinaren (NPG) %0,7 Garapenerako Laguntza Ofizialera (GLO) bideratzeko helburua izan zen 1970eko Nazio Batuen XXV. Batzar Orokorrean adostutako helburuetako bat, non esan baitzen ekonomikoki aurreratuak diren herrialdeek GLO handituko zutela beren NBParen %0,7raino, 1975ean beranduenera ere. Orduan hasi zen %0,7aren mugimendua, 1994an aurrekaririk gabeko herri-mobilizazioa ekarri zuena. GKEak, mugimendu sozialak, unibertsitateak, komunikabideak, bai eta alderdi politikoak ere, ados zeuden %0,7ko zifra mitikoa lortu behar zela esatean. 40 urte igaro dira ordutik, eta sistematikoki hautsi dituzte akordioak. Euskal erakunde batzuek diote GLOra bideratzen duten aurrekontu partida %0,7koa dela, baina kontua da bakoitzak modu batera kalkulatzen duela kopuru hori. Dena den, ez dugu ahaztu behar errenta dela nazioarteko konpromisoaren erreferentzia neurria, eta %0,7ko portzentajea ekarpen publikoari dagokiola, edozein dela ere kudeatzen duen maila administratiboa (estatukoa, autonomikoa, probintziala edo lokala). Aurrekontu publiko guztiek nazio-errentaren herena baino zertxobait gehiago osatzen dute. Hor ikus dezakegu zein urrun gauden 1970ean adostutako konpromisotik.
Lankidetzarako Euskal Lege berriak konpromiso hori jasotzen du, hots, 2012an aurrekontuaren %0,7 lankidetzara bideratzea. Une honetan %0,5ean dago zifra eta, beraz, oraindik ahalegin handia egin beharko da legea betetzeko. Gauza bera gertatzen da gainerako euskal erakundeekin.
Azkenik, gogoan izan behar dugu badela betetzen ez den beste euskal lege bat: Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutuna hain zuzen. Eusko Legebiltzarrean onartu zen 2007an eta Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartua du, besteak beste, herrialde pobretuek Estatu espainolarekin daukaten kanpo zorra kitatzeko, horretarako Eusko Jaurlaritzari berari dagokion zorraren zatia kitatuz.
Etikoki, sozialki, politikoki eta ekonomikoki derrigorrezkoa da munduko pobrezia eta desberdintasunak desagerraraztea; helburu hori lortzeko, indarrez jardun behar da lankidetzan giza garapen berdin eta iraunkorra lortzeko eta berriro planteatu behar dira tokiko zein nazioarteko politikak. Gainera, ahalegin solidario hau garatzen den marko instituzional eta politikoa hainbat legealditan egindako lanaren emaitza eta hiritar guztion ondarea da, hots, akordio politikoaren eta hiritarren mobilizazioaren fruitua.
%0,7arekin daukagun konpromisoa bete behar da, gaur inoiz baino garrantzitsuagoa baita. Krisiak ezin du aitzakia izan planetako herrialderik kaltetuenekin daukagun konpromisoa ez betetzeko, haiek ez baitzuten inolako erantzukizunik izan krisi honen sorreran. Ezin du aitzakia izan ezta ere %0,7aren konpromisoa ez betetzeko, edota gure herri eta hirietako biztanleen elkartasun mugatua babesten duten argumentuak defendatzeko. Guztiz baztertzen dugu elkartasunen arteko gatazka ekar lezakeen planteamendu oro.