GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Babesgabetasuna eta kemena

Atzo Arabako Zigor Auzitegian Langraizko espetxeko segurtasun zuzendari ohiaren aurka abiatu zen epaiketa presoen erabateko babesgabetasunaren erakusgarri izan zen. Emakume presoen kasuan are gordinagoa den babesgabetasunaren erakusgarri, emakume izatea erasorako baldintza apropos gisa sumatzen baitute erasotzaileek. Mariano Merinok, bere karguaz baliatuta, lau emakume presori sexu harremanak izatea proposatu eta haietako bati ukitzeak egin izana egozten diote, eta berak atzo bere kontrako amarrutzat jo zuen salaketa. Emakumeek salatutakoa berretsi zuten, eta haietako batek salaketaren ondoren kartzelan jasan zituen errepresaliak gogora ekarri zituen. Emakume horien babesgabetasun lazgarria ez ezik, espetxean jasandako abusuak frogatzeko zailtasuna ere argia da. Izan ere, 2005ean salatu zuten funtzionarioa eta 2007an auzia artxibatu zuten, gerora Salhaketak jarri zuen helegiteari esker, aurrera egin bazuen ere. Eta argi sumatu zen, halaber, beldurra gaindituta salaketa jartzen ausartzeko emakume horiek behar izan zuten kemena. Kemen horrek presoen babesgabetasunak berarekin dakarren egoeraren gainean gogoeta egiteko balio behar luke; eskubideen bermeak ezabatzen dituen espetxe sistema baten gainean hausnartzeko, alegia.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo