GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Amagoia Mujika Kazetaria

Intentzio onak ere kalte egin dezake

 

Begi handiegiak jaio zaizkio. Aurpegi borobil eta txikian, gehiegi ikusten zaizkio. Asko gogaitu egiten dira zuzen-zuzen begira geratzen bazaizkio, ez diote begiradari eusten, eta errenditu egiten dira. Txikia da bera, handiegiak bere bi begiak.

Esfera handi horietatik mundua desberdin ikusten du. Bere modura, nola bestela. Piratak heroiak dira, suhiltzaileak ausartetan ausartenak, Olentzero langile amorratua eta Kakurrin komuneko hodietan pozik bizi daitekeen tipo bitxia. Ez du ulertzen Argiñanok, euskaraz baldin badaki, zergatik egiten duen gaztelaniaz telebistan eta gustuko dituen marrazki bizidunak daudenean pantailaren aurre-aurrean jartzen da, halako batean barrura sartzea lortuko duelakoan. Osaba ikusten duen aldiro, belarritik begiratzen dio, barruan zenbat txorakeria geratzen zaizkion jakin nahian. Eta pentsatzen du bere zilborra estutuz lortzen duela autoko atea irekitzea.

Larunbat goizetan etxean bueltaka ari dela pailazo ezagun batzuen ahotsek tentatzen dute irratiaren bestaldetik. Txirri, Mirri eta Txiribiton dira. Eta larunbatero galdetzen du ea noiz den Pirritxen eta Porrotxen txanda, gauzak txandaka egiten direla. Eta hor hasi zaizkio txandaka jolasten ez dakiten pailazoak irratitik galdezka ea matxismoa gauza ona ote den. Eta harrituta geratu da. «Zer da hori? Herri hori zer dago, Afrikan? Zer joan behar da hegazkinez?» Eta une batean bere begiak askoz txikiagoak iruditu zaizkit. Zenbat kalte egiten den batzuetan intentzio onenarekin. Eta ze pena ematen duen aukera onak alferrik galtzen ikusteak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo