Presoen eskubideen defentsan jardunaldiak egingo ditu Etxeratek
Euskal presoen eskubideen defentsan konpromiso sendoak hartzeko garaia dela uste dute Etxeratekoek, horregatik, espetxeetako egoeraren gaineko gogoeta konpartitu eta osatzeko asmoz, datorren astean jardunaldiak egingo dituzte Donostian. Euskal Herriko eragile politiko eta sindikalek eta kultura arloko pertsona esanguratsuek parte hartuko dute bertan. Presoen eskubide urraketa amai dadin «elkartasun olatua» sendotzeko oinarriak jarriko dituzte.
Janire ARRONDO |
Etxerat elkarteak, egungo espetxe politikaren inguruan egiten duen irakurketa plazaratu eta osatzeko asmoz, jardunaldiak antolatu ditu datorren azaroaren 25 eta 26rako Donostiako Miramar jauregian. Egungo espetxe sistema oinarri hartuta eta azken urteotan presoen defentsan egindako lana gogoan izanda, aurrera begirako ildoak finkatzen saiatuko dira jardunaldi horietan.
Atzo Donostian eskainitako agerraldian, Etxerateko kide Oihana Lizasok eta Polentzi Goikoetxeak presoen eskubideen aldeko aldarria txoko guztietara eramateko nahia dutela azaldu zuten. Horretarako, beharrezko jo zituzten «interpelazioa» eta «kale aktibazioa».
Aurreko agerraldietan azaldu bezala, Euskal Herriko hainbat eragile sozial eta sindikalekin nahiz agente politikoekin elkarrizketak egiten ari dira. «Lana bere fruituak ematen ari da» berretsi zuen Lizasok, izan ere «Elkartasun uholdea» manifestuak dagoeneko 5.000 babes sinadura jaso ditu. Bestalde, aurreko asteburuan Tolosako Leidor aretoan egin zuten IX. Batzar Nazionala ere «arrakastatsua» izan zela gogorarazi zuten.
Orain, «urrats berriak» emateko eta konpromisoak hartzeko garaia dela argudiatuz antolatu dituzte Etxeratekoek datorren asteko jardunaldiak.
Diagnostiko bateratua
Tolosako Leidorren bezala, hainbat eragile sindikal eta sozial ere jardunaldietan izango dira Etxerateko kideekin batera, baita kultura munduko hainbat norbanako esanguratsu ere. Elkartekoen asmoa espetxeetako egoeraren gaineko «diagnostiko komun» bat osatu eta guztien artean adostutako konpromiso zehatzetatik abiatuta, senide eta lagun presoen eskubideen defentsan «buru-belarri» aritzea da.
Ondoren, hurrengo larunbatean, azaroaren 28an, jardunaldietatik ateratako ondorioak ezagutzera emango dituzte.
Ekimen honetarako gonbita luzatzearekin batera, presoek egun bizi duten egoeraren salaketa egin zuen Etxeratek. «Bada garaia hamaika egoera tamalgarri amaitzeko», nabarmendu zuen Lizasok. Horrela, espetxeetako sakabanaketa, bizi osorako zigorra, heriotza zigorra, bakartzea, jipoiak, mehatxuak, komunikazio «bortxaketak» edota lekualdatze «arbitrarioak» behingoz amaitzeko eskatu zuten. Era berean, presoen senide eta lagunen kontrako erasoak ere eten egin behar dituztela adierazi zuten Etxeratekoek. Bestalde, azken hilabeteetan, Etxerat legez kanpo uzteko mehatxua gainean izan dutela adierazi zuten. «Isunez zigortu eta iraindu nahi gaituzte», salatu zuten, baina, egoera horri aurre egiteko «elkartasun olatua» gero eta handiagoa dela berretsi zuten.
Espetxeetako egoeraren gaineko «diagnostiko komun» bat osatu eta Euskal Herriko eragile sozial eta sindikalekin batera egoera hori gainditzeko konpromisoak hartuko dituzte Etxeratekoek jardunaldietan.
Azaroaren 25ean emango diote hasiera euskal presoen eskubideen aldeko jardunaldiei, Donostiako Miramar jauregian. Goizean goizetik hasita, presoen gaur egungo egoera, eskubideen aldeko dinamika eta espetxe politika izango dituzte aztergai. Arratsaldean, berriz, mintegiak egingo dituzte, sakabanaketa, bakartze, biziarteko zigor eta heriotza zigorrari buruzkoak.
Jarraian, osteguna, bezperako solasaldi eta mintegietatik ateratako ondorioak aurkeztu eta ideiak finkatzeko eguna izango da. Guztien artean adosteko adierazpenak aurkeztuko dituzte goizean, bildutakoen artean eztabaidatu, eta arratsaldean konpromisoak zehazteko. J.A.