Lanuztea egingo dute bihar nekazari eta abeltzainek, eta Madrilen izango dira etzi
A.Z. | DONOSTIA
EHNE sindikatuak deituta kalera aterako dira bihar Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako baserritarrak nekazaritza eta abeltzaintza sektoreek bizi duten egoera larriagatik protesta egitera. Biharko mobilizazioak Estatu espainoleko nekazari sindikatu nagusiek -COAG, ASAJA eta UPA- egin duten lanuzte deialdi orokorraren barruan kokatzen dira. Etzi, berriz, Madrilen manifestazioa deitu dute sindikatuok eta 100.000 nekazari eta abeltzain bilduko direla aurreikusten dute.
Lehenik, lanuzteak egingo dituzte bihar baserritarrek. Gipuzkoan, Tolosaldean egingo dute protesta; Bizkaian, Karrantza, Busturialdea eta Durangaldean; Araban, hainbat herritatik abiatuta Lakuako Gobernuaren pareraino martxa egingo dute; eta Nafarroan, Erribera, Iruñerria, Irurtzun, Lizarraldea, Pirinioan nahiz Baztanen antolatu dituzte kontzentrazioak.