Arraina arinegi irentsi aurretik, arantzak ganoraz kendu behar zaizkio
Arnaitz GORRITI
Kanaria Handia aspaldion ACB Ligako klase ertainean dago. Bere etxean ia garaiezina da eta kanpoan, beherantz egiten badu ere, oso deserosoa da, bere burua babesteko arantzaz eta hezurrez beteriko arraina bailitzan.
Antzerakoa izan nahi luke Lagun Aro GBCk ere, baina hori ez da egun batetik bestera lortzen. Ez bederen Pedro Martinezen taldeari arantzak kentzen ez badizkio. Are gutxiago, donostiarren entrenatzaileak atzo gogorarazi zuen moduan, kanariarrak azken bi partidak galduta datozela jakinda.
«Guretzat oso partida zaila izango da, beraiek, bi porrot jarraian pilaturik, oso motibaturik egongo baitira». Horrez gain, «Kanaria Handia oso talde solidoa da. Real Madrilek bikain jokatuta ere, luzapena behar izan zuen beraiei irabazteko», esan zuen Lasok.
Loreak nahi beste
Gaurko partidari bainoago, Valentzian galduriko abaguneari so zegoen atzo Ricardo Uriz kapitaina. «Valentzia talde bikaina den arren, guk ongi jokatu genuen bere aurka. Azken minutuetan behar bezalako bizpahiru eraso egin izan bagenitu... Mantentzea da gure helburua, baina gehixeago ere egin dezakegula uste dut».
Kanaria Handiari buruz, aldiz, antolatzaile nafarrak «Kopa eta play offak ez dituzte alperrik jokatzen. Carroll eta Savane bikain ari dira, baina beren kideetako nornahik hauts lezake norgehiagoka bat», adierazi zuen.