GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Lau eta erdiko finalerdietako ligaxkako azken jardunaldia

Finalean egotearekin sinisten jarraitzeko arrazoi bila

Sebastien Gonzalezek iazko kanporaketaren arantza kendu nahi duela adierazi zuen; Julen Retegik, aldiz, ez du partidarik irabazi gabe ligaxka amaitu nahi.

p042_f01_555x555.jpg

Jon ORMAZABAL

Matematika kontuei erreparatuta, ligaxkan jarraitzen duten lau pilotariek finalean egoteko aukerak dituzten arren, larunbatean Labriten jokatu behar duten Sebastien Gonzalezek, eta batez ere, Julen Retegik, ez dute euren aukeretan fede handirik erakusten. Gauzak horrela, asteburura begira, bigarren mailako beste helburu batzuk ere bilatu dituzte, partida ahalik eta arretarik handienarekin jokatzeko asmoz.

Julen Retegiri irabazita, Titinek Martinez de Irujo gaindi dezala zain egon beharko du igandean Sebas Gonzalezek, baina atzo behintzat, Eibarren errioxarraren aurka galdutako aukerari bueltak ematen jarraitzen zuen. «Finaletik 22 tantora egon eta galtzen duzunean normala da burua jatea, eta gaizki pasatu dut, baina beste partida bat daukat, orain hobeto gaude eta irabazten saiatu beharra daukat. Eskura nuen finalera sartzea eta ez nuen asmatu, 17 tantoan geratu nintzen, eta orain sartzen ez banaiz, nire errua izango da, ez dago besterik. Irabazten saiatu eta itxaron egin behar dut», adierazi zuen lapurtarrak atzo, Labriten egindako material aukeraketan.

Iazko arantza

Finalaz gain, badu Azkainekoak, larunbatera begira, atera nahiko lukeen arantzatxoa. Izan ere, iazko txapelketan Julen Retegik berak kanporatu zuen lehen jardunaldian. «Iaz entrenatu gabe ekin nion txapelketari eta aurten ahalik eta gehien entrenatzen saiatu naiz, eta nahiko ondo nagoela uste dut. Julenen aurka jokatzeko gogo handia daukat, iaz 20 tantoan geratu nintzen, aurten errebantxarako aukera daukat eta erabiltzen saiatuko naiz», azaldu zuen.

Nafarrak, bere aldetik, nahikoa barneratuta dauka ez dela finalean egongo. «Finalerako aukerarik ez daukat, bi tantoan utzi beharko nuke Gonzalez, edo min har dezala, eta gero Titinek irabaztea, baina orain ez naiz horretan pentsatzen ari. Beti sinestu behar da mirarietan, baina badakit oso zaila dela», adierazi zuen Labriten.

Aimar Olaizola faborito nagusia lehiaketatik at utzi eta finalerdietan sartuta, gustura egoteko moduko txapelketa osatu du Julian Retegiren semeak, baina ez luke finalerdietako ligaxka partidarik irabazi gabe utzi nahi. «Aimarri irabazi ostean ligaxkara heltzea gauza handia da, baina behin hona helduta, finalera heldu ezin dudanez, partida bat irabazi nahiko nuke. Ohorearen garaipena esaten zaion hori nahi dut», esan zuen, piloten inguruko kexarik izan ez zen aukeraketan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo