GARA > Idatzia > Kultura

Ia urtebeteko bizitzarekin, Mintzolak finkatu ditu etorkizunerako erronka berriak

Orain urtebete sortu zen Mintzola Fundazioa, euskarazko ahozkotasun beharrei erreparatu eta etorkizuneko erronkei eusteko. Atzo aurkeztu zen ofizialki, eta bidean aurrerapausoak ematen ari dela egiaztatu zen.
p046_f01_096x096.jpg

Ariane KAMIO | VILLABONA

Iazko abenduaren 12an, Villabonako Udala, Gipuzkoako Aldundia eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak bultzatuta sortu zen Mintzola, euskararen ahozkotasunaren esparruan erreferentziazko ikerketa eta bilgune izateko helburuz. Lan talde horri gehitu zitzaion joan den martxoan Kutxa Fundazioa eta lehenengo urtebetetzera heldu aurretik, Lakuako Gobernuak ere bat egin du egitasmoarekin.

Mintzola ahozko lantegiak bi helburu nagusi ditu betetzeke; batetik, ahozko tradizioaren behatoki dinamikoa izatea eta, bestetik, egungo gizarteak dituen ahozko komunikazio premia berriei erantzun egokia ematea.

Gerora begirakoak

Urtebeteko bizitza laburrean lehenengo pausoak eman ditu proiektuak, besteak beste, Xenpelar Dokumentazio Zentroa zabaltzeko egitasmoa landu du, bertsolaritzaz harago, ahozko generoak biltzen dituen zentro izan dadin.

Biltegi hutsa izan gabe, ahozkotasunaren erreferentzia eta ikerketaren oinarri izatea izango dira Mintzolaren helburuetako batzuk. Horrela, ahozko komunikazio premia berriei erantzuten saiatuko da Mintzola. Abiapuntua finkatuta, eta lehenengo pausoak emanda, ahozkotasunari begira dagoen «etxe» berri horrek etorkizunerako zeregin batzuk finkatu ditu dagoeneko, beste hamaika helbururen artean. Josune Zabala Mintzolaren zuzendariaren arabera, «hezkuntza sisteman ahozko komunikazio gaitasuna lantzeko ikerketa eta proposamen berriak egin nahi ditu». Horrekin batera, ahozko komunikazio gaitasuna lantzeko eskaera gero eta handiagoa dela kontuan izanda, jardun horretan baldintza eskasetan lanean dihardutenei erantzun egokiagoa eratzeko modua eskainiko du. Azkenik, ikerketari begira, tradizioa sakonki aztertzen saiatuko da, gaur egun munduan nagusi diren irizpideen arabera. Hala, irrati, telebista, antzerki eta zinema alorretako profesionalekin elkarlanean jardungo du, unibertsitateko adituekin batera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo