GARA > Idatzia > Kultura

«Izan bainintzen Nafarroako Errege» lanarekin erresuma zaharra aztertzen darrai Epaltzak

A. B. | IRUÑEA

Aingeru Epaltza (Iruñea, 1969) idazleak Nafarroako Erresuma zaharraren azken hatsa aztertzen jarraitzen du, «Mailuaren odola» nobela historikoari segida ematen dion «Izan bainintzen Nafarroako Errege» (Elkar) trilogiaren bigarren emaitzarekin.

Nahiko sentsazio ona geratu zait. Literatur munduan denborarekin izan daitekeen erantzunari neurria hartzen ikasten duzu.

Nafarra gustura agertu da trilogiaren lehen atalak jaso duen erantzunarekin. Euskal irakurlearen profilak lan irakurterrazak eskatzen omen dituen arren, «lan mardulagoak astiroago» gozatzeko beldurrik ez duen irakurlearentzat egiten du lan Epaltzak, izan badira eta, horrelako lanak estimatzen dituzten irakurleak.

Trilogian, hiru liburuak elkarren segidan doaz eta XVI. mende ia osoa eta XVII. hasiera hartzen dute, hau da, Nafarroako Erresumaren amaierako urteak. Protagonista nagusia Joanes Mailu dugu, inguruan egiazki existitu ziren izenak dituen fikziozko pertsonaia. Horrela, «historia gertakizunei fidel izan nahian» dabil Epaltza, tartean fikzioa sartu eta egoera zein pertsonaia asmatu batzuen bidez. Eta bukaeran, tesi bat ere izan dezake nobelak, «irakurleak berak deskubritu beharko duena». Fikzioa eta historia lotzeak buruhaustea eman dezake, baina «lagungarria» da Epaltzaren ustez, eta «xarma berezia du», beti ere benetan jazotako historia aldatu gabe -hor da muga-, «egunotan horretarako joera ere badagoen arren».

«Izan bainintzen Nafarroako Errege» idazteko, dokumentazio lan eskerga egin behar izan du iruñarrak. «Batzuetan alfer lana da», argitu digu idazleak, baina ikaragarria izan da irakurri behar izan duen «liburu kopurua» eta «sarearen gatibu egin behar izan ditudan orduak». Izan ere, eta errealitatearekin leial izaten saiatu den arren, gehien izorratuko lukeena norbaitek «hau XVI. mendean ezinezkoa zen» esatea litzateke, susmoa duen arren, «garaiko pentsaera eta ikusmoldeari dagokionez», hurbilketa bat egitea baino ez dela posible.

Aro ezezaguna

Epaltzaren lanak hegoaldeko lurrak galdu eta Ipar Euskal Herrian mantentzen den Nafarroako Erresuma erakusten digu. Epaltzak «historiografia ofizial abertzalean badirudi Noain edo Amaiurrekin bukatu eta jarraian ez dagoela deus» azaldu digu, eta berari gerokoak interesatzen zaizkiola ihardetsi, «gero ere Nafarroako Erresuma independente izango baita laurogei bat urtean», guk ezezaguna dugun arren.

Orain hirugarren eta azken atala idazteari ekingo dio Epaltzak, hiru bat urte barru emateko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo