GARA > Idatzia > Kultura

Euskal kulturan «gelditzeko asmoz» etorriko dira katalanak Durangora

Katalan hizkuntza eta kultura. Biek izango dute tartea aurtengo Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan. 44. edizioa datorren abenduaren 4tik 8ra ospatuko da. Gerediaga Elkarteak urtero antolatzen duen euskal kulturaren hitzordu nagusiak, bestalde, euskaraz irakasten aitzindari izan ziren andereñoei eskainiko die Argizaiola omen-saria.

p043_f01_250x140.jpg

Ane ARRUTI | DURANGO

Castell edo giza gaztelu batek iragarri zuen atzo datorren hilaren hasieran hizkuntza eta kultura katalanak gure artean izango duen presentzia. Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokaren 44. edizioak Institut Ramon Llull izango du ohorezko gonbidatu. Bertako zuzendariak, Josep Bargallok atzo adierazi zuenez, gelditzeko asmoarekin datoz gainera: «Edozein azokatara joaten garenean bezala, guri interesatzen zaiguna ez da iritsi, egin eta alde egitea. Gure asmoa iritsi, lehenengo proposamen bat egin eta gelditzea da. Nahi duguna da euskal argitaletxeekin harreman biziago bat sortzea, ekoizpenei ematen dizkiegun laguntzak hemen ere ezagutu daitezen. Aurtengo presentziaren ondorioz, datorren Azokan katalanez idatzitako nobelak euskaraz nobedade gisa ikustea lortu nahiko genuke».

Literatura eta musika katalanak presentzia berezia izango du, beraz, bost egunetako ekitaldietan. Inaugurazio ekitaldia, esaterako, Andreu Carranza best seller idazleak egingo du. Bestalde, Euskal Herriko eta Kataluniako musikari errepaso historikoa egingo zaie, Gerard Quintana eta Jabier Muguruzak kontzertua eskainiko dute, berriketaldia egingo da Kirmen Uribe eta Albert Sanchez Piñolekin eta Puntueus, Puntucat eta Edi.cat proiektuak ere hartuko dituzte mintzagai.

Azken urteetan katalana bost kontinenteetan zabaltzen ari direla azaldu zuen Bargallok; «urtean 1.000 ekintza inguru egiten ditugu», eta ahalegin berezia egiten dute itzulpenetan: «Garrantzitsuena ez da zure hizkuntza zenbat jendek hitz egiten duen, hizkuntza horrekin mundu zabaleko beste hizkuntzetara heltzeko gaitasuna baizik. Barneko egoera garrantzitsua da, baina are gehiago elkarren artean komunikatzeko gaitasuna». Euskaldunei aholkuren bat eskatuta, «uste dut ezin dudala horrelakorik egin, bi errealitateak oso ezberdinak baitira. Katalana hizkuntza erromanikoa da eta, beraz, zubi asko ditu Estatuko hizkuntza ofizialarekin. Euskararekin ez da hori gertatzen eta zailagoa da», esan zuen.

Nobedade ugari

Guztira 156 parte hartzaile izango ditu Azokak, horietatik 14 eskari berriak dira. 292 stand-ek beteko dute Landako gunea eta 459 nobedade aurkituko ditugu bertan; 308 liburu eta 69 disko, besteak beste. Jon Irazabal Azokako zuzendariak azaldu zuenez, «liburutan 35 nobedade inguru gutxiago daude, baina krisi beldur honekin ez dugu uste beherakada handia denik. Diskoetan, aldiz, bost gehiago dira eta musikari ezagun gehiagok aurkeztu dute disko berria».

Iaz egun bat gutxiago izan zuen Azokak, baina lau egunetan betekada ederra bizi izan zen Landako gunean eta antolatzaileek ez zuten dudarik izan edizio arrakastatsua izan zela esatean. Aurtengoan, bost egun izango ditu berriro ere. Irazabalek egutegi arrazoiengatik egiten dela esan zuen eta ez gastuak aurrezte aldera. Eskolako umeek inauguratuko dute ostiral goizean. «Hori izan da beti gure nahia. Jende gaztearekin ahalegin berezia egiten dugu, etorkizuna euren eskuetan baitago», esan zuen Irazabalek.

Landako izango da gune nagusia, baina beste lau ere egongo dira. Sortzaileen gunea deiturikoan Ahotsenea proiektuak bere txokoa izango du. Azokara gerturatutako sortzaileekin elkarrizketak, solasaldiak edo musika emanaldiak egingo dira bertan. Gerediaga elkarteko Nerea Mujikak «euren presentzia bermatzeko esfortzu berezia» egin dutela adierazi zuen. Gune horretaz gain, haurrentzako literatura aretoa, Elkartegian eta Landakon kokatuko diren aurkezpen guneak, eta San Agustin zein Andra Mari elizpeetan ere izango da zer entzun eta ikusia.

Teknologia berriekin ere esfortzu berezia egin nahi du aurtengoan Gerediaga Elkarteak. Horretarako www.durangokoazoka.com ataria edukiak etengabe berritzen arituko dela azaldu zuen Mujikak. Bestalde, Facebook eta Twitter sare sozialetan ere izango dute euren txokoa. Azkenaldian bolo-bolo dabiltzan liburu elektronikoak erosteko ez, baina zer eta nolakoak diren ezagutzeko gune bat ere egongo da stand batean. Gainera, Ahotsenean egiten diren ekitaldi guztiak zuzenean Internet bidez ikusteko eta entzuteko aukera eskainiko dute.

Andereñoei omenaldia

«Beste garai batzuetan zenbait pertsona eta erakundek euskara eta euskal kulturaren alde egindako lana goraipatzeko» sortu zuen 1992an Gerediaga Elkarteak Argizaiola omen-saria, «gauen argi izan zirenei eskerrak emateko».

Aurten, euskaraz irakasten lehendabizikoak izan ziren andereñoak omendu nahi izan dituzte. Ikastolak sortzen hasi ziren garaian lan egin zutenen izenean, bost emakumek jasoko dute saria: Arabako Izaskun Arruek, Ipar Euskal Herriko Libe Goñik, Nafarroako Izaskun Gastesik, Gipuzkoako Karmele Esnalek eta Bizkaiko Begoña Arangurenek.

 
BOST EGUN

Jai egunak horrela tokatu direla-eta, aurten bosgarren eguna berreskuratuko du Durangoko Azokak. Ostiral goizez eskoletako haurrak izango dira Landako gunera sartzen aurrenak eta astelehenera arte iraungo du Azokak.

KATALANAK

«Guri interesatzen zaiguna ez da iritsi, egin eta alde egitea. Aurtengo presentziaren ondorioz, datorren Azokan katalanez idatzitako nobelak euskaraz nobedade gisa ikustea lortu nahiko genuke», esan zuen Bargallok.

Barneko arnasa landu eta eguraldi ona du iragartzen Ruper Ordorikaren «Haizea garizumakoa» kantu sortak

Nor bere buruarekin ondo sentitu eta «aurrera egin ahal izateko hausnarketa berezi bat ageri da kantuotan, norberaren barnean dagoen bakardade eta mundu magikoarekin». Antzeko laudorioak bota zituen atzo Angel Valdes Elkar etxeko arduradunak, Ruper Ordorika musikariaren «arnas berria» aurkeztean. Oñatiarrak lan berria eman zuen atzo argitara, «Memoriaren mapan» plazaratu eta hiru urtera -tartean «Hamar T´erdietan» zuzenekoa dugu-. Eta «harrigarria da hain elementu gutxirekin halako musikaltasuna» ematea, jarraitu zuen Valdesek. Izan ere, Ordorikaren kantu sorta berriaren plazaratzea ospakizuna da egun, oñatiarrak egun «musikak iraganean zuen indar errituala galduta» duela uste badu ere.

Ordorikak azken bi urteetan «bakarka eta gitarra hutsez» ondutako hamabi kantuz osatua dago. Aurrenekoz gainera, musika ez ezik, hitz guztiak ere kantariarenak dira. «Oso modu naturalean izan da horrela», dio Ordorikak, lagunen olerkiak musikatzen dituenean ere «testuak oso hurbileko» sentitzen baititu, bereak beste.

Aurki musikagintzan hiru hamarkada beteko dituen Ordorikak New York hiriko Brooklyn aldera jo zuen uda partean, diskoa aspaldiko lagun amerikarrekin grabatzeko, «Dabilen harria» diskoan egin zuen legez. Ben Monder gitarra-jotzailea, Kenny Wollesen bateria-jotzailea eta Skuli Sverrisson baxu-jotzailea izan dira oñatiarra lagundu duten musikari nagusiak, eta behin Euskal Herrira itzulita, Fredi Pelaez (Hammond organoan) eta Hasier Oleaga zein Arkaitz Minerren ahotsak gehitu zaizkie laukoteak egin lanari. AEBetan gainera -bizpahiru egunez, musikari guztiak batera eta sarri aurreneko joaldian grabatu zuten- estudio vintage bat aurkitu eta bertan burutu zituzten lanak. Beraz, antzinako moldean, «behar genuen sonoritaterako oso modu egokian» hartuak izan dira kantuak, eta soinu berezi bat izan dute emaitza. Gainera, behin grabaketak burutu ostean eta aspaldiko partez, Elkar etxeko teknikari Jean Phocasekin burutu ditu nahasketak Ordorikak, eta anaia Jonanekin masterizazio lanak.

Oholtza gainean gozatzen duen oñatiarraren ustez, lan berriak gehiago du aurrekoetatik aldatu ez dena aldatu dena baino, «pauso batek bestera» eramaten zaituelako eta «Haizea garizumakoa» diskoan aurreko guztiak isurtzen direlako.

Kantariak Kubara eta Uruguai zein Argentinara egin zituen bidaiak iaz, eta bertatik ekarri zuen «Haizea garizumakoa». Atzo azaldu zigunez, «horrela dio Erdialdeko Amerikako esaera batek, eguraldi ona datorrela iragartzeko». Alta, «ez dakite gure `garizuma' hitzak -berpiztu aurreko berrogei eguneko basamortu bideak-, zer esan nahi duen».

Valdesen ustez, iraupen luzea izango duen lan iradokitzaileak «naturari egiten dio so, metafora gisa», autorearen esanetan, «guztiok dugun toki komuna baita natura». Eta etxe, haize, argi, borda, erreka, moila eta zuhaitzez gain, Mikel Laboa maisua omentzen duen «Sekulabelardiko kantaria» abestiak ixten du lana.

Kantu on bat egiteko, «maitasunean eta karta jokoan bezala», edozein tranpak balio duela uste duen oñatiarrak -askatasun osoa ere gutxi delako- bertigoa sentitzen du kantuak ontzen hasterakoan. «Abiapuntuan nire hasierako arnasa landu nahi nuen, soka aske utzi, nahiz eta argi ez izan nora» zihoan. Eta «Haizea garizumakoa» osatzen duten hamabi kantuak badoaz aurrera, bortxarik gabe aurrera, soseguz.

A. BILBAO

Bizia lasaitasunez hartu behar dela adierazi nahi du Solorzanok haurrentzako eginiko «Bilintx» diskoan

Kantiruki eta Kukuka deituriko haurrentzako lehen bi diskoen ondotik, Pantxika Solorzano kantariak hirugarren lan bat kaleratu berri du Elkar argitaletxearekin. «Bilintx» izeneko diskoak abeslariak bere ama Graxi Solorzanorekin eta Jean-Marc Halsouet musikariarekin sorturiko hogei kantu biltzen ditu.

Pantxika Solorzano, bi ume izateaz gain, andereñoa da eskola publiko elebidunean, eta, egunero ikasleekin bizi duen esperientziaz baliatu da disko berriko kantuak lantzeko. Izan ere, diskorako aukeratu duen «Bilintx» izenburua ikasgelan baliatzen duen txotxongilo pertsonaiaren izena da. «Ikasgelan haurrekin harremana sortzeko bitartekari gisa baliatzen dut Bilintx. Hasieran harremanak sendotzeko dago, eta azkenean lagun bilakatzen da. Pertsonaia hori disko berri honetan sartzeko gogoa izan dut», argitu zuen Pantxika Solorzanok. Eta, pertsonaia berezi horren bidez, Solorzanok, bizitzeko denbora hartu behar dela adierazi nahi izan duela nabarmendu zuen. «Gurasoek dugun urduritasuna haurrei transmititzen diegu. Musikaren bidez geldialdi kolpe bat hartzea proposatu nahi izan dugu. «Usoa» edo «Uhaina» kantuen musiketan, adibidez, giro lasai bat barneratu da», esan zuen kantariak. Halere, egileak nabarmendu nahi izan zuen entzuleak diskoan ez dituela kanta lasaiak bakarrik aurkituko. «Denetarik dago. Seaska kantak bai, baina musika biziagoak ere bai. Hala ere, diskoa entzuten dutenei denbora hartzearen beharra azpimarratu nahi izan diegu», gaineratu zuen kantariak. «Usoa» eta «Uhaina»rekin batera, «Oilarra», «Zakua», «Bainua» eta «Behia» dira, besteak beste, diskoko hainbat kanturen izenburuak. Diskoaren lagungarri liburuxka bat gehitu du egileak. Pantxika Solorzanok argitu zuenez, abesti diskoa izateaz gain, Bilintxen bidez euskara baliatzen laguntzeko tresna bat sortu nahi izan du. «Eskola elebidun batean ari naiz lanean, eta ohartzen naiz zein zaila den euskara barneratzea, bereziki frantsesa nagusi den inguruetan. Kantuetan hiztegi berezia landu dut haurrek bakarrik edo gurasoekin gaiak jarraitu ahal izateko. Askotan etxeetan gurasoek ez dakite euskaraz, liburuaren bidez hiztegia lantzen ahal dute», gaineratu zuen. Liburuxka horrek umeentzako erakargarriak diren Marko Armspach marrazkilariak egindako ilustrazioak ere baditu. Zazpi urte eman ditu Pantxika Solorzanok bere aurreko diskotik hirugarrena kaleratzeko. Bi haur izan ditu tarte horretan, baina, konposizioak egiten jarraitu du. «Konposizio anitz egin ditut», bukatu zuen.

A.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo