FIN DEL SECUESTRO DEL «ALAKRANA»
«Benetan garrantzitsua izan da herriaren babesa eta berotasuna»
Argi Galbarraiatu arrantzale bahituen senideen ahotsetariko bat izan da azken egunotan, familien egoera azaltzeko eta eskaerak kaleratzeko. Orain, askapenaren ondoren, kapitainaren arrebak bere poza adierazi du eta herriak emandako beroaren garrantzia nabarmendudu. Asteburuan arrantzaleak etxean izatea espero du.
Nebarekin hitz egin duzu? Zer esan du?
Bai, atzo askatu zituzten bezain laster deitu zuten etxera. Gero arratsalde partean berriro deitu zidan. Bigarren dei hau askoz lasaiagoa izan zen eta luzeagoa. Militarrak itsasontzian zirela esan zidan eta honek lasaitu egin zuen. Atsedena hartzeko esan zieten gizonei.
Badakizue non dauden eta etxera noiz iritsiko diren?
Orain Seychelleetara bidean dira, nahiko arin doazela esan didate, baina ostiralera arte ez dira portura helduko. Etxean astebururako izatea espero dugu.
Berria jaso eta 24 ordura nola zaudete etxean? Zer komentatu duzue?
Negar eta barre egin ostean lasaiago gaude. Besarkada bat emateko gogotsu, baina lasai eta pozik. Irribarrea ezin dugu aurpegitik kendu.
Xanpain botila zabaldu duzue edo etorreraren zain zaudete?
Atzo oso egun gogorra izan zen eta behar bezala ospatzeko astirik ez dugu izan, baina helduko da eguna...
Udalen eta enpresaren laguntza eskertu zenuen atzo. Ardurak zehazteko ordua heldu da?
Une honetan gure arrantzaleak etxera heltzea nahi dugu lehenik. Gero gerokoak.
Herritarren babesa izan duzue ondoan. Nola bizi duzue berotasun hori? Hain garrantzitsua izan al da?
Benetan garrantzitsua izan da berotasun hori, eskerrik beroenak guztiei. Herritarren laguntzarik gabe gure lana askoz zailagoa izango zen eta beraiei esker izan ditugu behingoz berri onak.
Seychelleetara joango zarete bila ala hemen itxarongo duzue etorrera?
Ni neu hemen geratuko naiz; badakit beste asko bertara joango direla. Nik atzo hitz egin nuen nebarekin eta hemen geratzea erabaki genuen bion artean.