GARA > Idatzia > Ekonomia

Euskal Herriko enpresen hiru laurdenek langile bat edo bi dituzte

Zenbat enpresa daude Euskal Herrian? Eta nolakoak dira? Gaindegiak, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak, gure herriko establezimendu eta sozietateen gaineko informazioa argitaratu berri du, 2006tik 2008rako aldia aintzat hartuz.

Amaia ZURUTUZA I

Enpresa demografia» izenburupean, Gaindegiak Bizkaia, Gipuzkoa, Araba, Nafarroa Garaia, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako enpresa kopuruari eta horien nolakotasunari buruzko datuak bildu, eta 2006. urtetik 2008. urtera bitartean izan duten bilakaera aztertu du. Enpresak bi multzo handitan banatu ditu: establezimenduak batetik, eta sozietateak bestetik. Izan ere, sozietateak enpresak badira ere, badira establezimendu bat baino gehiago dituztenak. Hala, aurten izan diren aldaketak oraindik eskaini ezinda, 2008. urtean 334.255 establezimendu zeuden Euskal Herrian, eta 283.884 sozietate.

Lehen ondorio nagusia da, bi urtetan, 2006. urtetik 2008. urtera, enpresen kopurua handitu egin zela herrialde guztietan. Zehazki, establezimenduek %7,6 egin zuten gora, eta sozietateek beste horrenbeste. Izan ere, 2006. urtean 308.706 establezimendu zituen Euskal Herriak, eta 262.321 sozietate. Herrialdez herrialde, Araban gertatu zen hazkunderik handiena, establezimendu kopurua %10,27 hazi baitzen. Hazkunderik txikiena, berriz, %3,35ekoa, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan izan zuten.

Establezimendu eta sozietate hauen nolakotasuna ere aztertu du Gaindegiak, hainbat alderditan oinarrituta. Hala, enplegua aztertu dute batetik, enpresa bakoitzeko langile kopuruari so eginez. Alde horretatik ere bada ondorio nagusi bat: enpresen hiru laurdenak langile bakar batez edo biz osatuta daudela, hain zuzen ere. Zehazki, asko jota bi langilez zegoen osatuta iaz Euskal Herriko establezimenduen %76; %12k hiru, lau edo bost langile zituen; %5ek 6tik 9ra; %4k 10etik 19ra; %2k 20tik 49ra; eta azkenik, establezimenduen %1ek baino ez zituen 50 langile edo gehiago.

%82 Ipar Euskal Herrian

Sozietateetan ere antzeko datuak jaso dituzte, eta beraz, ondorio nagusia Euskal Herriko establezimendu eta sozietate gehienek langile bat edo bi dituztela da. Langile kopuruaren gaineko datuak oso antzekoak dira herrialde guztietan. Aipagarria da, hala ere, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan establezimendu eta sozietate guztien %82 osatzen dutela langile batez edo biz osaturikoek.

Enpresen tamainari begiratuta, berriz, 50 langiletik gorako enpresen kopuruak izan zuen igoera nabarmenena 2006. urtetik 2008. urtera, %16,13 hazi baitziren gisa honetako establezimenduak. Beste aldean, sei eta bederatzi langile bitartekoek izan zuten igoerarik txikiena, %6,32.

Bestalde, Euskal Herriko establezimenduak jarduera adarraren arabera sailkatu ditu Gaindegiak. Bi jarduera dira nagusiak: «Merkataritza; konponketak, motordun ibilgailuak» multzoan sailkatutakoak, batetik, 76.575 establezimendurekin, jarduera osoaren %24,19 osatzen dute; eta «Finantza bitartekaritza eta enpresa zerbitzuak» alorrera bideraturikoak, bestetik, guztira 63.392, %22,6 eginez. «Eraikuntza» alorrak %15 osatzen du, «Bestelako jarduera eta zerbitzuak» sailaren antzera. 40.000 establezimendu baino gehiago daude bi alor hauetako bakoitzari atxikiak.

Azkenik, jarduera osoaren %7 eta %8 bitarteko ordezkaritza dute «Industria eta energia», «Ostalaritza» nahiz «Garraio, biltegiratze eta komunikazio» alorrek. Zehazki, Euskal Herri osoan 20.000 establezimendu baino gehiago daude jarduera adar hauetako bakoitzeko.

Bilakaera aintzat hartuz, 2006tik 2008ra establezimendu kopuruari dagokionez adar guztietan izan zen hazkundea. Handiena, finantza bitartekaritza eta enpresa zerbitzuen alorrekoa, gisa honetako 7.687 establezimendu berri sortu baitziren bi urteotan. Igoera txikiena berriz industria alorrean eman zen, %2,34ko hazkundearekin.

Izaera juridikoa

Bestalde, izaera juridikoari erreparatuta, establezimendu eta sozietate hauek nola osatzen diren bildu du Gaindegiak. Hala, Euskal Herriko sozietateen %52 pertsona fisiko gisa daude antolatuta. Izaera hau da herrialde guztietan eredurik hedatuena. Alderaketak egiterakoan ordea, alderik handiena Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan aurkitzen da, eredu horren arabera antolatzen baitira sozietate guztien %35; eta Gipuzkoan, aldiz, %60. Bigarren izaera nagusia sozietate mugatua da Euskal Herrian, halakoak baitira %25. Nafarroa Garaian %30 dira, Gipuzkoan aldiz %24, eta Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, %22. Ipar Euskal Herrian izaera honek indarra badu ere, ez du bigarren postua lortzen, «Bestelako lege-formak» hartzen dituzten sozietateek %27 osatzen baitute bertan. Hego Euskal Herrian, ordea, %1 baino ez dute ordezkatzen multzo horretan sailkaturiko sozietateek.

«Bestelako elkarteak» multzoan sailkatutakoak %10en bueltan dabiltza herrialde guztietan. «Akziokako elkarteak», berriz, dexente urriagoak dira, eta %5en inguruan dabiltza. Nafarroa Garaiaren kasuan presentzia handiago du izaera juridiko honek, %12koa.

Establezimenduen izaera juridikoari buruzko datuak, langile kopuruarenak bezala, sozietateenen antzekoak dira. Hala, pertsona fisikoak dira nagusi, eta sozietate mugatuak jarraian. 2006. urtearekiko bilakaera aztertuta, antolaketa eredu guztiak hazi dira, baina gehien hazi direnak sozietate mugatuak izan dira, %13,99ko hazkundearekin

«www.gaindegia.net»

Datu hauek guztiak eta askoz gehiago bildu ditu, beraz, Gaindegiak «Euskal Herriko ekonomia eta gizarte gaietarako agerkari sintetikoa» deitu duen argitalpenean. Behatoki honen webgunean aurkitu daitezke datu guztiak, www.gaindegia.org helbidean.

2004. urtean sortu eta bideari ekin zionetik hamaika azterketa, diagnosi eta txosten osatu ditu Gaindegiak Euskal Herria oinarri hartuta. Honelaxe azaltzen du behatokiak zein duen helburu nagusia: «Errealitate sozioekonomiko nazionala abiapuntu, Euskal Herriko sozioekonomia esparru zabala bizitzea eta biziberritzea, eraketarako zein garapenerako ildo nagusiak aztertuz eta aurrera urratsak egitea ahalbidetuz». Era berean, lan horretarako, jatorri eta izaera desberdinetako eragileak bildu nahi ditu bere baitan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo