GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Aitor IRIGOIEN ODRIOZOLA I Enpresen Antolaketa eta Zuzendaritzan lizentziaduna

Ba-kea ala bakea

Eskubideen martxa. Urriak 17. Giza marea. Aldarrikatuaz benetako bakea. 99ko ilusio airea. Desertu lehorraren erdian, euri tantak dastatzea, itsasoa irudikatzea. Arnastea. Kearen ondorengo bakea?

«Entre los individuos, como entre las naciones, el respeto al derecho ajeno es la paz».

Benito Juarez, Mexikoko Lehendakaria (1861)

Bat. Zorion oroitzapenak. Gaixo egon nintzen egun eta erdiz duela bi aste, egunerokoaren zurrunbilotik irten eta hausnarketarako abagunea eskaini zidalarik egoerak. Kasualitatez, 1999. urtean grabaturiko eta aspaldi entzun gabeko musika kasette batzuk topatu eta abestien doinuen laguntzaz, duela 10 urteko uneak birbizi ahal izan nituen, malenkonia apur batez. Sinestezina da musika zenbateraino izan daitekeen iragan garaien sentsazio eta oroitzapen iturri. Hamasei urte nituen eta orduko alaitasun, inozentzia, sanotasun eta ilusioaz gogoratzen naiz oraindik. Urteen poderioz, munduaren leihotik begiratuz jendea zein inguruko injustiziak ezagutzen joan naizen heinean, zoriontasuna topatzea gero eta zailago zaidala iritzi diot. Egia ote, batzuk aipatu lez, ezjakina izan behar dela zoriontasunaz gozatzeko? 1999a: Akordioa, bakea, itxaropena... kearen menpeko azken urteok une batez ahazteko sendagai onena. Bakea edo bake gisa saldutako kea; bakea ala ba-kea.

Bi. Erakustaldi militarra. U-12. Inperioaren «indarra». Kea, ba-kea. Armen ondarea. Gerla akordea. Pauso uniformea. Gatazken betikotzea, bakeari aurre hartuaz kea. Tristea da gizakion historian bakearen izenean egindako sarraskien zerrenda amaigabea aztertzea; elkar erasotzea ohiko jarrera dela jabetzea. Mario Benedettiren olerki ezagunaz akordatzea: No se hasta dónde irán los pacificadores con su ruido metálico de paz... que cuando apuntan, por supuesto, tiran a pacificar... Stockholmeko Bakerako Ikerketa Institutuak emaniko datuek ezin hobekiago irudikatzen duten egoera: 2006an munduko gobernuen gastu militarra bilioi bat dolarrekoa izan zen, 1996an baino %37 handiagoa. Zein da eragindako hilketen erantzulea? Militarren gehiegizko boterea. Inpunitatea. Oinazea. Doako indarkeria. Jazarpen sistematikoen menpeko (hil)herria...

Armen hizkuntzak gidatutako agintea. Beldurraren bidez mantendutako estabilitatea. Esaera zaharrak dio: Indarra, bidegabekeriaren arrazoia. Zer dira funtsean, euren arsenalak kenduz? Zer geratzen zaie? Zein izateko arrazoi dute armarik gabe? Kea. Fikziozko errealitatea. Nazio irrealak, estatu artifizialak. Herriak hautatutako gobernuen aurkako estatu-kolpe bidez kontrola hartzen duten uniformedunak. Erreforma hutsalak medio, demokratikotan bilakatzen diren diktadura militarrak. Ahulenei, defenda ez daitezkeenei erasoaz puzten diren estatuak. Beraien indarkeria bueltan itzultzea onartzen ez dutenak. Ba-keaz mintzo direnak, sua piztuaz, kea salduaz. Ba-kezaleak eta ejerzitoa elkarren ondoan, historiako ezkontza luzeenean, biak batera, bando berean, luxu artean.

Aberriaren eguneko ospakizuna armada eta guda tresneria protagonista diren desfilean oinarritzen duten estatuak. Jarrera zibil eta izaera kolektibo baten gabezia agerian; batzuk, asko agian, harro sentituko diren erakustaldian. Ahultasuna oinarrian.

Hiru. Eskubideen martxa. U-17. Giza marea. Aldarrikatuaz benetako bakea. 99ko ilusio airea. Desertu lehorraren erdian, euri tantak dastatzea, itsasoa irudikatzea. Arnastea. Kearen ondorengo bakea? Elkarlana eta konponbidea eskatuaz, urte luzeetako zatiketa eta lehia itsuak iraganean utziz, orainetik etorkizuna eraikitzeari ekitea desio duten pertsonak. Gehiegi irauten ari den indarkeriaren aurpegi eta adierazpide oroz ahituta, ondorengo belaunaldiei, konponbidean erroturiko bizikidetzaren legatua utzi nahi dietenak. Erabakitze eskubidearen onarpenaren aldeko deiadarra. Badatorren prozesuaren isla. Gertaera larriak eman ez daitezen bat egiteak duen garrantziaz kontziente, arazo larrien aurrean soilik (eta berandu) elkartzearen tendentzia antzua irauliko duena. Historiatik ikasiz, munduko beste kontestuetako adibideak aintzat hartuz: AEBetan, berdintasunaren alde aritu zen Martin Luther King eta bere ametsa; Indian, britainiar kolonizazioaren aurka altxatu eta ekintza ez biolentoen bidez, askatasuna erdietsi zuen Mahatma Gandiren pentsamoldea; Txilen, hamarkadetako lanari esker, Unidad Popular koalizio anitzaren baitan boterera iritsi eta herriari emaniko hitza betetzearen ardura espresio maximora eraman zuen Salvador Allende... Guztiak ere, bake bidetan oinarrituz, euren eskubideen alde aritzea, uko egiten zieten armen bidez erailak izatearekin ordaindu zutenak.

Lau. Ur tantazko itsasoa. Une kritikoak izan ohi dira erabakigarrienak; konstantzia eskatzen dutenak; benetako demokrazia eta bake duin baten zutabeak finkatzeko egokienak. Leonardo Boff, teologo brasildarrak idatzi zuen: Harria eta ur tantaren arteko borrokan, ur tanta izango da beti garaile. Ez noski bere indarragatik, bere iraunkortasun eta pertseberantziagatik baizik. Guztiok batera bakearen ozeanotan nabigatzea erabakiko bagenu... Allende edota Gandiren ereduari jarraitzea otuko balitzaio masa sozial handi bati... Ur tantaz tanta, pertseberentziari batasuna gehituz, itsaso handi bat osatuko bagenu, arroka handienak ere gainditzeko gai dena... Eta proba egitera ausartuko bagina...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo