Euskal Herrian 36ko gerran frankismoak hildakoen zerrendan, 6.000tik gora izen
Iñaki Egaña historialariaren liburu batean bildu dituzten datuen arabera, 1936tik 1940ra bitartean frankismoaren errepresioak 6.000 hildako baino gehiago eragin zituen Euskal Herrian: 6.018 hain zuzen ere.
GARA |
Gaur 34 urte beteko dira Francisco Franco diktadore espainola gaixotasun batek eraginda ohean hil zenetik. Urte andana igaro den arren, frankismoaren errepresioak Euskal Herrian eragin zituen biktimen inguruko datu zehatzik ez dago oraindik.
Ikerketak areagotu diren heinean, datuak ere handituz joan dira, eta horren erakusgarri, atzo ezagutarazi zuten bezala, 1936tik 1940ra bitartean fusilatutakoen zerrenda eginez, 6.018 izen bildu dituztela. Iñaki Egaña historialari donostiarrak idatzitako «Los crimenes de Franco en Euskal Herria, 1936-1940» saiakeran jaso dituzte datuak. Frankismoak eragindako errepresaliatuei eskainitako lana da, eta Txalaparta argitaletxearen eskutik plazaratuko da liburua Durangoko Azokan.
Auzitegi-mediku eta Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerlaria den Paco Etxeberriarekin batera egin zuen atzo aurkezpena Egañak eta jaso dituzten datu berriak «behin betikoak» izatetik gertu daudela esan zuen.
Fusilatuez gain, altxamendu frankista gertatu zenetik lehen lau urteetara izandako errepresioaren beste datu batzuk ere bildu dituzte. Egañak jakinarazi zuenez, Errepublikaren aldeko batailoietan borrokan aritu ziren 7.000 soldadu hil ziren gerra hasieran, 6.018 pertsona fusilatuak izan ziren eta 55.000 bat atxilotuak. Azken hauetatik, 1.700 bat pertsonak urte mordoa egin zuten kartzelaturik eta 70.000 bat pertsonak atzerrira ihes egin behar izan zuten.
ETAko kideek, kalte-ordainik ez
Bestalde, Espainiako Kongresuak atzera bota zuen atzo EAJk aurkeztutako ekimena, frankismoaren garaian fusilatu edo zauritutako ETAko kideek kalte-ordainak jaso ditzaten. Alderdi jeltzaleak egindako proposamenak Gobernu espainolari eskatu zion memoria historikoaren legea ez murrizteko, eta erakunde armatuko kideak gainerako biktimak bezala aintzat hartzeko.
EAJko diputatu Aitor Estebanek defendatu zuen mozioa, eta Franco hil ondoren emandako Amnistiaren Legea ekarri zuen gogora. Beren iritziz, frankismo garaian hildako edo zauritutako ETAko kideek eta beren seni- deek kalte-ordainak jaso beharko lituzkete, «ez baitago jakiterik amnistiaren ondoren ETAn jarraituko luketen edo ez».
PP eta PSOEk, bozketan bat egin ondoren, proposamena atzera bota zuten, ordea. Kontrako botoak 318 izan ziren, eta 23 botok bakarrik eman zioten sostengua proposamenari. EAJ, CiU, ERC-IU-ICV eta Coalicion Canaria-ko ordezkarienak, hain zuzen ere. ERCko Joan Tardak frankismo garaiko borroka armatua «legitimoa» zela esan zuen, baina gaur egungo demokrazian «terrorismoa» dela.