GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Lau eta Erdiko Txapelketako azken jardunaldia

Errespetua eta ohorea, matematika ororen gainetik

Titin III.ak eta Juan Martinez de Irujok ez dute igandeko partida irabaztea ez den beste ezertan pentsatzen.

p039_f01_666x666.jpg

Jon ORMAZABAL I

Pilotaz baino, matematikez hitz egin da azken astean frontoietan, izan ere, lau eta erdiko finalerako sailkatzeko aukera desberdinak baitituzte oraindik lehian dauden lau pilotariek. Atzo Astelena ez zen salbuespena izan eta, materialarekin inolako arazorik izan ez zenez, -Martinez de Irujok minutu pare bat nahikoa izan zuen bere bi pilotak aukeratzeko- bakoitzak egin behar duenaz aritu ziren Iberokoa eta Titin III.a.

Ez dakigu eskolan gustuko irakasgai ote zituzten zenbakiak, baina biek ala biek argi utzi nahi izan zuten, partida bat hasten denean, ohorea, irabazteko gosea eta zaleenganako errespetua, matematiken oso gainetik geratzen direla.

Igandean Eibarren bertan jaso zuen kolpetik erabat osatuta, Titinek nahikoa du Irujoren aurka 16 tanto egitea finalean sartzeko -bihar Retegi Bik irabaziz gero, zuzenean sailkatuta egongo litzateke- baina Triciokoak, berdin-berdin bilatuko omen du garaipena Astelenan. «Nire helburu nagusia partida irabaztea izango da. Kasualitatez 16 tanto eginda sailkatuta banengo ere, ni 22ra iristen saiatuko naiz berdin-berdin, ez dut etxera alde egingo. Gainera, kontuan izan beharra dago frontoira jende asko etorriko dela, gainera zaleek apustuak egiten dituzte eta errespetu falta litzateke saiatzeari uztea. Beste gauza bat da, behin sailkatuta egonda, erlaxatuago jokatu ahal izatea, baina hori onerako ere izan daiteke», azaldu zuen.

22ko kartoia buruan

Juan Martinez de Irujo iazkoaren antzeko egoeran heldu da azken partidara, irabazita finalean egongo baita berriz. Beste aukera batzuek ere finalerako txartela eman diezaiokete, baina berak 22. kartoira heltzea besterik ez du buruan.

«Nik 22ra iritsi behar dudala dakit, besterik ez. Bezperan Julenek irabazten badu eta partida jokatu aurretik sailkatuta banago, askoz hobeto, baina ni igandean partida irabaztera irtengo naiz kantxara. Interesatzen zaidana Augustori eroso egoten ez uztea da, airez ez dadila asko sartu. Lan asko egin behar bada, horretara etorriko naiz igandean, baita frontoian bi orduz egon beharra badago ere», aipatu zuen aurrelari nafarrak.

Fitxaketa

Elorrioko 21 urteko Iñaki Larrinaga atzelariak Asperekin sinatu du datozen hiru urteetarako. DV torneoko emaitzen arabera, urte bukaeran egin lezake debuta bere herrian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo