GARA > Idatzia > Kultura

XABINAITOR, KOMIKITIK ANTZERKIRA

«Komikitik antzezlanerako aldea zenbat eta handiago izan, hobeto»

 

p044_f02_141x100.jpg

Patxi GALLEGO I Komikigilea

Orain urte batzuk, Patxi Gallegok euskarazko komikigintza beste geruza batera eraman zuen Xabinaitorren sorrerarekin. Bi ale kaleratu ditu denbora honetan, eta hirugarrena Durangoko Azokan kaleratzea espero du. Lehenago, baina, bere lana taula gainean antzeztuta ikustea egokitu zaio.

Ariane KAMIO |

Nola sortu zen Xabinaitor, helbururen batekin, beharren bati erantzunez, ala besterik gabe?

Uf! Kasik ez naiz akordatzen nola sortu zen! Ni garai hartan irakasle nenbilen, Bilbon Arte Ederrak ikasi ondoren, baina zerbait egiteko beharra neukan. Zergatik super heroia? Egia esan, super heroiak ez zaizkit behin ere gehiegi interesatu, baina gogoratzen dut txikitatik Super Lopez asko gustatzen zitzaidala eta antzeko zerbait euskaraz egitea pentsatu nuen. Hala ere, honek badu zerbait desberdina, sexualagoa. Sorkuntza hori helduei zuzendutako komikia izan zedila ziurtatzeko izan zen. Nik helduentzako komiki bat egin nahi nuen, eta neukan beldurretako bat zen nire lana haur literaturako atalean sartzea. Orduan pentsatu nuen: «Portadan zakil tente bat jartzen badut, ziur ez dutela haurren sailean sartuko», eta hala gertatu zen. Nolanahi ere, sexualitateaz lotsarik gabe hitz egiteko gogoa neukan.

Zer dauka berezia Xabinaitorrek?

Bere ezaugarri nagusia bere kontraesana dela uste dut. Ez da oso integratua sentitzen Euskal Herriko hainbat gauzarekin, baina gehien gustatzen zaiona euskal poxpolinak dira.

Xabinaitorrik ba al duzu inguruan?

Badakit lagun batek neska bat «salbatu» zuela. Neska hark istripua izan zuen autoarekin eta nire laguna bertan agertu zen laguntzera, eta ondoren kontatu zidan etekin sexualik atera ziola.

Lehenengoz taula gainean ikusiko da zure pertsonaia eta bere bizimodua, ez dakit egokitzapenean parte hartu duzun.

Ez, ez dut ezertan parte hartu. Hirugarren liburua idazten aritu naiz azken hilabeteetan eta esan nien oso gainean egoterik ez nuela izango, baina taularatu aurretik azken entseguan edo zerbait ikustea gustatuko litzaidakeela. Azkenean hori ere ez dut ikusiko. Hala ere, baimena eman nienean, beraien egokitzapena egiteko esan nien, eta liburuarekiko zenbat eta desberdinagoa izan, orduan eta hobeto.

Zergatik hobeto desberdina izatea ?

Azkenean liburua zure semetxoa bezalakoa da, eta zerbait egin nahi badute, ba ahalik eta desberdinena egin dezatela. Ez dakit oso ziur zer egin duen Gorringok, baina pentsatzen dut pertsonaiaren alderdirik barregarriena nabarmendu dutela, eta liburuak gauza gehiago dauzka, gauza gehiagoz hitz egiten du.

Hirugarren alea Durangoko Azokarako plazaratuko da.

Espero dut baietz, baina in extremis izango da. Pasa den ostiralean amaitu nuen eta inprimategian dago orain, eta berez, hiru aste behar izaten dira aleak inprimatzeko, beraz, ez dakit denborarik emango ote didan.

Zerbait aurreratzerik bai?

Bueno, ba hirugarren hau oso desberdina izango dela esango nuke. Hasteko, itxura bera, koloreetan izango delako; gero, eduki aldetik ere bai. Lehenengo pertsonan kontatuta dago istorioa, baina pertsonaia hori Xabinaitor bera da, baina aldi berean, idazleari buruz ere hitz egiten du. Lehen aipatu ditugun alde barregarriez gain ere badu alde pixka bat dramatikoagoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo