GARA > Idatzia > Kultura> Musika

Kepa Junkera, etxetik kalera atera eta Ameriketara salto

Sona handiko kantari espainiarrak etxera gonbidatu ostean, kalera atera, Atlantikoa zeharkatu eta Ameriketara jo du oraingoan trikitilariak, bertako laurogei musikari ingururekin euskal kantu zaharrak grabatu eta «Kalea» lan bikoitza plazaratzeko. Datorren urtean gainera, egitasmoa biribilduko du, europar eta afrikar artistekin «Herria» emanda.

p054_f01_286x172.jpg

Anartz BILBAO |

Etxetik kalera atera da Kepa Junkera, eta Hego zein Erdialdeko Amerikako artistak batu ditu euskal kantu tradizionaletara. Errekaldear trikitilariak «Etxea» lana aurkeztu zigun iaz, Estatu espainoleko kantari ezagunekin emana, eta diru laguntzen kalapita tarteko, dimentsio eta asmo handiko egitasmo baten berri eman. Orain, egitasmoa mundura zabaldu eta bigarren emaitza plazaratu du, «Kalea». Datorren urtean biribilduko da, «Herria» azken lana burututa.

Atzoko aurkezpenean, jendez lepo zen aretoan eroso -berandu heldu zirenei kargu hartu zien-, «euskal diasporari» eskaini zien lana Kepa Junkerak, egitasmoa aurkezterakoan aurreikusten zuen lana honakoa zela argituta. Izan ere, euskal arbasoak dituzten amerikarrek, ezagutzen dituzten «euskal kantu tradizionalak, beraien gustuko artisten ahotan entzutean senti dezaketen zirrara» lortu nahi zuen bilbotarrak.

«Kalea» txukun apaindutako lan bikoitza dugu, hogeita lau kantu ezagun biltzen dituena, «Agur jaunak» diosalarekin hasi eta «Lua lua» finitzeraino. Laurogeitik gora artista amerikarrek parte hartu dute bertan (Lila Downs, Pablo Milanes edo Juanes bezain ezagunak batzuk), Kubatik Argentinara bitartekoak.

Kantuak hautatzerakoan, errekaldearrak, besterik gabe, gustuko dituenak proposatu zituen, Oskorri, Artola, Pantxoa eta Peio, Imanol, Zubiria, Lertxundi eta Laboaren ahotsetan entzun eta ezagututakoak.

Ilusio eta poza

Batez ere «euskaldunen presentzia handia izan den tokietara» jo du trikitilariak laguntza bila. Eta «ilusio eta pozez» erantzun diote egitasmoari bidean lagun egin dituen artista amerikarrek. Egun, oraindik ere artista batzuen e-mailak jasotzen omen ditu gainera, parte hartzerik ba ote duten galdezka. Junkerak ikusi duenez, «ikaragarria da Amerikak duen talentu eta aberastasun musikala», diskoa entzutean frogatu daitekeenez. Lanak musikari eta kantari ezagun eta ez hain ezagunak atera ditu kalera. «Artista batzuk genituen guk gogoan», dio Junkerak, eta hauei proposamena egiterakoan, «beste batzuk proposatzen zizkiguten beraiek». Eta... «Ameriketan artista ospetsuak ere onak dira!», jaurti zuen ziria, txantxetan.

Bitxikeriaren bat kontatzearren, «Agur Jaunak» kantuan parte hartzen duen Leon Gieco aipatu zuen errekaldearrak. «Ezaguna zuen kantua, bere alabak abesbatzan kantatua zuelako». Eta Pablo Milanesek diskoan Laboa omentzen duen «Txoria txori» kantatua zuen aurretik ere. Beraz, itsasoaz beste aldean egonik guri bestela irudi digun arren, «amerikar askorentzat kantu hauek ez daude horren urruti», Junkerak argitu zuenez. «Askok arbasoak bertakoak dituzte eta ez dituzte arrotz kantuok».

«Etxea» malenkoniatsuaren aldean, erritmo gehiago ageri dira «Kalea» diskoan, besteak beste brasildarrak edo kubatarrak ondoan izanda ulertzekoa dena. Trikitilariak aitortu zuenez, «argentinarren sakontasuna, brasildarren gozotasuna edo kubatarren inprobisaziorako gaitasuna» kontuan hartuta, egitasmoa gauzatzeko zapaldu duen herri bakoitzean burutu zezakeen horrelako lan oso bat, hain da aberatsa bertako kultur aniztasuna.

Eta aberastasun horren erakusle, atzo aurkeztutako egitasmotik kanpo, kubatar artista batekin elkarlanean lan bat grabatu duela aurreratu zuen Junkerak, beste daturik gaineratu nahi izan ez zuen arren.

Lanerako grina

«Kalea» modu organiko batean ematen ahalegindu da errekaldearra, zuzeneko magia mantendu nahian, nahiz eta musika tresnak askotan han-hemenka, toki ezberdinetan grabatuak izan diren. Eta bere soinu txikiak ere, «Etxea» diskoarekin alderatuta, presentzia handiagoa du honakoan.

Urte eta erdian gelditu gabe buru-belarri lanean ibili ostean, amerikar artistak gurera ekartzeak duen zailtasunaz jabetua, «magikoa litzake han bertan aurkeztea», adierazi zuen Argentinan familia duen eta oharkabean Buenos Aires aipatu duen trikitilariak.

Berez baikorra den artista dugu Junkera, Ameriketan talentu handia aurkitu duena -icebergaren punta baino ez omen zaigu iristen hona-, eta lanerako grina mantentzen duena: «Oraindik badut irrika lan berriak gauzatzeko». Dagoeneko hasia da «Herria» prestatzen, datorren urtera begira.

Maurizia Aldeiturriagaren indar berezira hurbilketa egin dute Paya eta Paia anaiek

Bizkaiko Trikitilari Elkartearen eskutik eta Zeberioko Udalaren babesarekin, «Aupa Maurizia!» izeneko liburua plazaratu berri dute Fredi Paia eta Xabier Paya getxotarrek, eta Maurizia Aldeiturriaga berezia egin zuen indarra aztertzen ahalegindu, bere bizitza zein musikara hurbilduta.

Atzo aurkeztu liburuaren bitartez, elkarteak bere dituen bi helburu bete nahi ditu. Trikitixa sustatu batetik, eta dokumentazio lana egin bestetik. Eta Zeberioko Udalak bere aldetik, alkateak esan zuenez, herriaren izen ona haizatu zuen herrikidearen izen ona haizatzeko lana da honakoa.

«Aupa Maurizia!» Fredi eta Xabier anaiek garatu dute. Gazteak dira algortarrak, baina txikitatik entzuna zioten aitari «behin sekulako indarrarekin kantuan entzun eta bihotzera heldu» zitzaion emakume baten aipamena. Izan ere, Xabierrek esan zuenez -Maurizia ageri zuen Getxo Folk jaialdiko afitxa du gogoan berak-, «gaztetxoenek ere badute Mauriziaren berri», nola halako ezagupenen bat, hain da handia haren sona.

Lana burutzeko, hemeroteketatik kontu gutxi argituko zituztela eta, «ahoz ahoko lekukotasun aberatsa» izan dute ikerlariek iturri emankorrena, horretarako Barandiaranek sortu Etnikerren metodologia erabilita. Hau da, parez pare ateak ireki dizkien Mauriziaren familia eta ingurukoekin, zein garaiko musikariekin berba egin eta orduak eta orduak grabatuta. Honetaz gain, Bidegileak bildumak besteak beste zeberiotar pandero-jotzaileari eskaini 44. sorta ere baliatu dute egileek, baita egungo musikari batzuen ekarpena ere, J. M. Beltran, J. Zabala edo Ruper Ordorika, kasurako. Gainera, ikerlanean funtzezkoa izan dute Jose Javier Abasolo Tiliñoren laguntza eta gidaritza, eta eskarmentudun trikitilariari berari eskaini diote liburua.

Frediren esanetan «akaborik gabeko bide zoragarri eta aberasgarria» bi ataletan banatu dute, pandero-jotzailearen bizimodua ez ezik bere ibilbide musikala ere aztertu nahi izan dute-eta, «biografia zurrunari beste buelta bat emanda». Roberto Etxebarria musikariak idatzi hitzaurrearen ondoren, lehen atala Xabierrek sortu du, modu literario batean -Mauriziaren gurasoen ahotsa lortzeko fikziora joz-, eta bigarrena berriz, Fredik.

Mauriziarengana hurbiltzeko urte eta erdiko ahalegin trinko eta zintzoa garatu duten arren, bertsolariak «behin liburua eskuetan, datu eta kontu berriak» sortuko diren jakitun dira, eta poztuko lirateke horrela balitz, egin duten lana ez baita itxia, etorkizuneko ikerketei guztiz irekia baino.

Liburuak gainera, ezagunagoak ditugun Leon eta Fasioren ondoan Benantzio Bernaola Karakol, Mauriziaren gizon eta plazako bikotea ezagutaraziko digu. Eta galdera potolo bati erantzuten saiatuko da: «Zer zuen Mauriziak, nolako indarra, zerk egin zuen ezberdin, lortu zuen sona lortzeko?». A. B.

«Herria» se destila gota a gota desde marruecos hasta turquía

Inquieto y audaz, Kepa Junkera prepara ya la conclusión al viaje emprendido con «Etxea» -¿habrá un cuarto `continente' sonoro?-, que bajo el título de «Herria» (pueblo) prevé mostrarlo en la plaza en un año. Y entonces, según el trikitilari, «se entenderá muy bien el proyecto». La aventura sonora emprendida lo llevará desde Marruecos hasta Turquía, pasando por Grecia y `escapando' hasta San Antonio, Texas. Enfrascado en un «trabajo denso que pide tiempo para su digestión», el bilbaino sigue moldeando «canciones viajeras que son de todos y de nadie». De momento, acaba de estar en Estambul, que musicalmente, «no tiene nada que ver con lo anterior», relata. Antes, eso sí, regresa al presente, para pedir «ahora centrémonos en «Kalea»». A. B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo