SOKATIRA
Abadiñoarrei aurre egitea izango da gainerakoen helburua
J.L. I
Launako Sokatira Txapelketan bigarren jardunaldia jokatuko dute 320 kilotan, eta berriro ere abadiñoarrak izango dira faborito. Bizkaitarrek bi talde aurkeztu dituzte pisu horretan lehiatzeko, eta biak izan ziren sailkapeneko lehen bi postuetan, pasa den larunbateko ekinaldian.
Bigarren saioa gaur jokatuko da Arrigorriagako pilotalekuan, 17.00etatik aurrera, eta honako talde hauek lehiatuko dira: Abadiño A, Abadiño B, Ibarra, Barrundia, Sokarri A, Auzolan eta Sokarri B. Berriro ere abadiñoarrak izango dira saioa irabazteko faborito nagusiak.
Nafarroan, berriz, zortzinakoa ari da jokatzen, eta han ere bigarren jardunaldia jokatuko da gaur Lesakako pilotalekuan 17.00etatik aurrera. Gizonezkoak 640 eta 600 kilotan neurtuko dira, eta emakumezkoak, berriz, 500 kilotan.
Lehen jardunaldia pasa den astean jokatu zen eta Amaiur izan zen nagusi mutiletan, eta Beti Gazte nesketan. Mutiletan, eta 640 kilotan, Amaiur izan zen Berriozarren eta Txantrearen aitzinetik. 6o0 kilotan bi talde besterik ez dira ari lehian, eta Amaiurrek mendean hartu zuen Berriozar.
Emakumezkoetan, berriz, Beti Gazte jaun eta jabe izan zen. Atzetik, Sakana eta Amaiur berdinduta geratu ziren, eta azken postuan geratu zen Txantrea.
Txinga eta gizon-proba
Txingetan, Euskal Herriko emakumezkoen finala jokatuko da bihar 12.30etik aurrera Goizuetan, aizkolarien Hirugarren Mailako finalarekin batera.
Gizon-proban, berriz, Nabarnizen izango da Euskal Herriko finala, eta bi saiotan jokatuko da gainera. Eguerdian, 12.00etan hasiko da, eta, arratsaldean, berriz, 17.00etan.