BERTSOLARI TXAPELKETA NAGUSIA
Dagoenari baino falta denari
Aldaketa nagusia puntu erantzunak utziko duen hutsunea izan daiteke. Orain arte entzun dugun ariketa arriskutsuenetako bat da, arriskutsuena ez esateagatik
Finalerdietako bigarren itzulian, bertsolari gehienak mantendu egingo dira, baina saioak asko alda daitezke. Ariketak aldatu egingo direlako diot hori.
Ariketak, bere soilean hartuta, ez dirudi saioa asko aldatu beharko lukeenik, akaso, hamarreko handiak zortziko handiak baino puntu bat gehiago duelako, zortziko txikia mantendu egingo delako, hamarreko txikiak zortzikoak baino puntu bat gehiago duelako, koplak ez dirudielako teknikoki ariketa zaila eta kartzela bere horretan geldituko delako. Badira ñabardurak ordea eta horrek zeharo alda dezake saioa. Zergatia azaltzen ahaleginduko naiz:
Aldaketa nagusia puntu erantzunak utziko duen hutsunea izan daiteke. Orain arte entzun dugun ariketa arriskutsuenetako bat, arriskutsuena ez esateagatik, faltako da, eta arriskutsuena zergatik? Ba bertsolariaren esku ez dauden faktore batzuk sartzen direlako: puntuaren edukia esanahi aldetik, errima... eta batez ere, bertsoari oinarri sendo bat jartzeko denborarik eza. Horrek egiten du arriskutsu puntuaren erantzuna eta hain zuzen, horregatik ikusi ditugu ariketa honetan, ikusi ditugun diferentziak, bai beste bertsolariekiko eta baita bertsolariak berak, aurreko puntuarekiko.
Beste ariketei erreparatuta, zortziko handia eta hamarreko handiaren arteko diferentzia nagusia ez da errima bat gehiago bilatu beharra, 18 silaba gehiago bete beharra baizik. Bakarka erabili ohi den doinua izaki, pisu handiko bertsoak entzungo ditugun irudipena daukat.
Hamarreko txikiak erakutsi du espiral bat dela. Dirudien baino askoz ariketa zailagoa da, baina ongi egiten denean, dagoen neurririk eleganteenetako bat dela esatera ausartuko nintzateke. Hirugarren puntua giltzarri bihurtzen da sarri.
Koplak ere badauka bere zera. Bertsolari gehienak ez daude ariketa honetan gehiegi trebatuta eta badu puntukako ariketarekin zerikusi dexente. Kopletan ere, garrantzitsuena, kopla bera baino, ofizioa bera nola eramaten duten izan daiteke. Bi bertsolariak ongi ezkontzea alegia.
Baliteke ordea, hitz hauek gaur arratsaldean haizeak eramatea.