GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Nagore Laffageren «interpretazio okerra»

Burutu da zentzugabekeria. Zinpeko epaimahaiak erailketa barik, homizidio kalifikazioa eman ondoren, defentsak zazpi urteko espetxe zigorra eskatu zuen, fiskalak hamabi eta erdikoa eta Nagore Laffageren senideen abokatuak hamabostekoa. Nafarroako Auzitegiak, bi aringarri aintzat hartuta, hamabi urte eta erdiko zigorra ezarri dio Jose Diego Yllanesi. Epai horrek ez du argi utzi emakume batek ezetz esaten duenean, erantzun horrek interpretazio bakarra duela, ulertzen errazena, hain zuzen, eta gainerako interpretazioak erasora doazen bideak direla; baina Laffageren «interpretazio okerra», heriotzara eraman zuena, nabarmentzen du. Epai horrek ez du argi utzi edonork argi ikusten duena: Nagore Laffage hiltzea emakumeen aurkako indarkeria kasu nabarmena dela. Baina epaiak argi utzi du edatea, emakume bati hiltzeraino eraso ondoren, aringarria dela. Eta ezin argiago utzi du, halaber, justizia ez dela itsua eta akusatuaren araberako neurriak darabiltzala.

Nagore Laffageren amak lasaitua hartu duela esan zuen atzo, epaiaren berri jakitean. Ez harekin ados dagoelako, baizik eta ez zuelako gehiegi espero, Yllanes laster batean kalean izango zen susmoa zuen-eta. Orain, helegitea jartzeko zain, «justizia pixka bat» egin dutelakoan, bere bizitzari eusten saiatuko da. Eta tristea da «justizia pixka bat» baino ez espero behar izatea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo