GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier IZAGA I Irakaslea

Larderia ogibide

Denok, edo gehienok, ikusita gaude filmen bat non eraso sexualak jasaten dituen emakume batek kontatzen duen horiek ezin dituela salatu. Xantaiaren edo bestelako mehatxu baten beldur, ez da salatzen ausartuko. Eta egoera tragiko horrek haserrarazi eta batzuetan negarra eragiten du... zineman.

Baina egoera hori ez da fikziozkoa bakarrik. Guk uste baino maizago gertatzen da. Esate baterako, kartzelan. Zigorra nahierara ezartzeko eta kentzeko boterea duenak badaki presoa, bere babesgabean, xantaiaren jomuga erraza dela. Eta emakumea dela, bere boterea haren gorputzaren gainekoa ere badela sumatzen du. Ez dira gutxi «emakume» gehi «preso» batuketatik «prostituta» ateratzen zaienak, eta gainera uste dutenez prostitutak ez direla beren gorputzaren jabe...

Asteazkenean Arabako Zigor Auzitegian Langraizko espetxeko segurtasun zuzendariorde ohiaren aurkako epaiketa hasi zen, kartzela hartan ziren lau emakumek 2005ean jarritako salaketaren ondorioz. Bi urte geroago epaileak artxibatu egin zuen auzia, zantzu nahikorik ez omen zegoela eta. Hura izango zen auziaren bukaera Salhaketa presoen eskubideen aldeko elkarteak helegitea jarri izan ez balu. Hura izango zen auzi horren amaiera eta, hala ere, salbuespena, kartzeletako abusu gehienak ez baitituzte salatzen, edo salaketen ondoriozko epaiketak hasi ere ez baitira egiten.

Ez da zaila horren zergatia asmatzea. Presoek salaketa jartzeko bide latza dute. Beldurra, zigorra ezarri eta kentzeko boterea duten kartzeleroei beldurra. Langraizko segurtasun zuzendariorde ohiaren jazarpena jasan zuten lau emakume horiek bazekiten jazarpen hori ez zela amaituko salaketa eginda. Epaiketan esan zuten bezala, ondoren beste kartzeleroen jazarpena ere jasan zuten.

Akusatuak esan zuen dena bere kontrako muntaia dela, eta Estatuak sinetsi egiten dio, jakina. Larderiak larderiaren alde egiten du. Zuzendari ohi haren defentsa Estatuaren Abokatua da, eta Fiskaltzak epaiketa bertan behera uzteko eskatu zuen, nahiz eta perituek emakumeek salatutakoa egiaztatu zuten. Segurtasunak dena zuritzen du, ordea. Horra Estatuak bere funtzionarioengan duen konfiantza. Nik Estatuarekiko dudan konfiantzarekin alderantziz proportzionala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo