GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Floren AOIZ I www.elomendia.com

Pausoz pauso, gelditu gabe

Agertoki berrietara hurbiltzea posible da. Horretarako baldintzak daude gure jendartearen baitan. Erronkak eskatzen duen ausardia, kemena eta erabakitasuna agerrarazi beharko dituzte agertoki berriak benetan erakarri nahi dituztenek

Iragan larunbatean Altsasun izan nintzen, beste lagun askorekin batera, ezker abertzalearen adierazpenaren aurkezpenean. Askotan errepikatu dugun formula denez, ez dakit ekitaldi historikoa izan zela esan beharko nukeen, baina nik, bederen, historia egiten ari ginela antzeman nuen. Eta ez hor bildutakoak bakarrik, eztabaidan parte hartzen ari direnak, mobilizatzen ari direnak, urrats berriak prestatzen ari direnak, beren etxeetatik indarrez eramandakoak... denok historia egiten ari gara, agertoki berrietara iristeko urratsak ematen hasiak garelako.

Jende askok, ezker abertzalearen barnean nahiz kanpoan, antzeko zerbait eskatzen zuen. Ezker abertzaleak bakarrik hartzen ahal duelako ardura hori.

Beste batzuk, berriz, hagitz deseroso sentitzen dira ezker abertzalearen eraginkortasunaren aurrean. Azkenean, lidergo gaitasun horrek beren ahulezia eta norabide eza azpimarratzen ditu. Espainiar eta frantziar nazionalismoen eraso-une honetan, erantzun argiak behar dira, estrategia zuzen eta emankorrak, beste etorkizun baterako bideak mahai-gaineratzen dituzten estrategiak, eta ausardiarik gabe ezin da horrelakorik eskaini. Ezker abertzalearen ausardiaren aurrean lotsatu dira, berriz ere, urratsik emateko aukerarik edo gogorik ez dutenak.

Batzuek garrantzia kendu nahi diote Altsasuko adierazpenari, baina makur dabiltza. Itsuarena egitea ez da onuragarria. Euskal jendartearendako adierazpena zen, eta pentsamolde ezberdinetako euskal herritar askok mezua ulertu eta urratsa ontzat hartu dute. Donostian egindako manifestazioan nabarmendu zen hori, eta joan den asteburuan berriz ere gauzatu zen. Ezker abertzaleak bere ohiko multzo sozialetik harago doan begirunea piztu du, etorkizunean konplizitate berriak eraikitzeko aukera errealak iragartzen duena.

Bidea ez da erraza izanen. Noiz izan da? Estatuen presioa ez da aise indargabetuko. Ziurrenik, epe laburrean areagotuko da, ederki dakitelako eztabaida politikoan arrunt ahul direla. Errepresioan eroso sentitzen dira, eta agertoki hori ezarri nahiko dute. Baina abian jarritakoa geldiezina delakoan nago, ezker abertzaleak bide horretatik aurrera segitzeko hainbat etxe barneko erronkariri aurre egin beharko badio ere.

Nekez aurkituko dugu beste eragileengan ezker abertzaleak agerrarazi duen autokritikarako eskuzabaltasuna. Duela 30 urte estatutuen hautua egin zutenengandik, adibidez, ez da autokritikarik entzuten. Patxi Lopezi Ajuria Eneko atea ireki diotenek ez dute beren burua kritikatu. Alderdien Legea kritikatu arren lege horren abantailak baliatu dituztenek ez dute jarrera hori baztertu. Kontua, alta, ez da besteak kritikatzea, nork bere ardurari aurre egitea baizik. Ezker abertzaleak berea egin beharko du, egiten ari da eta egiten jarraituko du. Beste batzuek ezin izanen dute zerura begira jarraitu: haiek ere urratsak eman beharko dituzte.

Agertoki berrietara hurbiltzea posible da. Horretarako baldintzak daude gure jendartearen baitan. Erronkak eskatzen duen ausardia, kemena eta erabakitasuna agerrarazi beharko dituzte agertoki berriak benetan erakarri nahi dituztenek. Pausoz pauso, bai, baina gelditu gabe. Bagoaz! Bazatoz?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo