GARA > Idatzia > Kultura

«Hiru otso» bilduma prestatu du Ikas zentroak, otsoari beste begirada batekin behatzeko

p049_f02_97x92.jpg

Gaxuxa ARRANBIDE |

Hiru liburuz eta disko batez osatua da lana eta gutitan argitaratzen diren sorkuntza horietako bat da. «Ikas zentroak liburu klasikoak itzultzen ditu gehienetan, baina oraingoan, 2007an `Lodikroko' sorkuntza aurkeztu genizuen bezala, plazer anitzekin `Hiru otso' izeneko lana plazaratzen dugu » adierazten du Anes Dufau Ikas zentroko zuzendariak.

Haurren beldur guziak biltzen dituzte «Hiru Otso» bilduma osatzen duten ipuinek, betiere, otsoa dela protagonista. «Otsoaren gai tematikoak gizakiaren baldintza guziak tratatzen ditu eta interesgarri zitzaidan otsoari begira diogun iritziak kontrajartzea», azaldu du sortzaileak, Amaia Hennebutte idazle eta irakasleak.

`Hiru xerri ttipi' izeneko lehen ipuina ipuin tradizionaletik moldatu da. Ipuin unibertsala da eta idazkera klasikoa baliatu du Amaia Hennebuttek. Marrazkiak Fanny Millardek ditu egin eta kalkoaren teknika erabili du marrazkien osatzeko. Marrazki grafikoak eta koloretsuak beraz.

Bigarren liburua, `Otsoa, axeria eta ahuntza', euskal ohituretatik ateratakoa da, euskal mitologiako leienda batetik hain zuzen. Idazkera erritmoan eta bertsotan landu du Hennebuttek. Luca Eno Trimaldik ilustrazio landu du manera tradizionalean. «Pasaiak ongi uztartzen dira Txinako tintaren teknikarekin eta txuri-beltzaren hautuarekin», azaltzen du marrazkilariak.

Hirugarrena, `Otso gosetua', sorkuntza garaikidea da. Idazkera modernoa erabili du Amaia Hennebutte sortzaileak, esaldi laburrak erabiliz. Lontxo Iriartek ditu marrazkiak egin. Ilustrazio garaikidea eta koloretsua landu du sorkuntzarekin ongi bat etortzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo