GARA > Idatzia > Kultura

Skate kultura urbanoa eta jatorrizko euskal kulturaren artean egun bateko topaketa

Ainize BUTRON |

«Topaketa gertagaitzak» izendatu dituzte joan den azaroaren 14a geroztik Baionan gertatzen ari diren ekintza artistikoak. Inprobisazioa eta arte performancea goraipatu nahi duen Rencontres Improbables jaialdiaren karietara Euskal Museoa okupatzeko aukera izan dute skatelariek.

Euskal kultur tradizionalaren eremuan, hiriko kulturak beretzat lekua egiteko aukera izan du, egun batez.

Museoaren paretetan zabaldutako «...ohol gainean...» izeneko erakusketari esker, bertara inguratutako berrogeita hamar bat lagunei arte edo kirol forma horren berezitasuna ezagutzeko aukera eman zien Youri Fernandez proiektuaren egileak. «Skatea usaiako guneetatik ateratzen den unea azaldu nahi izan dugu», argitu zuen.

Karrikaz karrika, ohol ibiltari horren bidez bidaiatzeko aukera eman zuten musikari eta artistek, eta, ondotik, skate erakustaldi bat egin zuten.

Atzoko arte urbanoaren agerraldi «gertagaitz» hori baliatu zuten jaialdiko antolatzaileek, joan den arazoaren 14tik agertuz joan diren emanaldietan 4.700 ikusle bildu dituztela esateko. Jaialdiak azaroaren 28ra arte iraunen duela-eta, dantza, zirkua, zinema, zizelkariak, antzerkia zein musika ekintzak han-hemenka eginez jarraituko dute. «Artistentzako arte aisialdi bat bezala da. Artistari bat-batekotasunean sortzeko askatasuna ematen zaio», goraipatu zuten antolatzaileek.

Gaur, jaialdiak hitzordu nagusi bat emana du Baionako Galerie Lafayette saltokian. Happening moduan, saltokian diren guztiei hiru minutuz mugitu gabe geratzeko eskatuko diete.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo