GARA > Idatzia > Euskal Herria

Donostiako gazteen harreran gogor kargatu du Ertzaintzak

GARA |

Ertzaintza gogor oldartu zen ostegun gauean Aitor Olaizola eta Oier Lorente, aske geratu diren gazte donostiarrei harrera egitera bildu ziren herritarren aurka. Olaizolaren osaba bat ospitalera eraman behar izan zuten, jasotako kolpeen ondorioz eta amnistiaren aldeko mugimenduak jakinarazi duenez, gutxienez beste bi lagun jipoituak izan ziren.

Lorente eta Olaizola gazteak 02.30ean iritsi ziren Donostiako Alde Zaharrera, 18.000 euroko bermea ordainduta libre geratu ostean. Bertan makina bat lagun zituzten zain, eta lehen musu eta besarkaden ostean, euren argazkiak kentzeko asmoz Herriko Tabernara sartzeko zirela, Ertzaintza iritsi eta bildutakoen kontra gogor kargatu zuen.

Pilota ugari jaurti zituztela adierazi diote GARAri bertan egondakoek, eta kalean zegoen jendea porrekin kolpatu ere egin zutela gaineratu dute. Ordubetez aritu ziren ertzainak Alde Zaharrean.

Olaizola gaztearen osaba ospitalera eraman zuten bi pilotakada jaso ondoren, eta atzo eman zioten senda-agiria.

Bien bitartean, Lorente eta Olaizolarekin batera libre geratu zen Adur Fernandezi istilurik gabeko harrera egin zioten Altza auzoan.

Aste honetan Ertzaintzak «basakeriaz erasotzen duen bigarren harrera» dela nabarmendu du amnistiaren aldeko mugimenduak; izan ere, astelehen gauean, Hernanin bildu zirenen aurka gogor jo zuen Polizia autonomikoak. «Ertzaintzaren bortizkeriak euskal preso politikoekiko elkartasunari erasotzea du helburu», beraien ustez.

Era berean, Odon Elorza Donostiako alkateari zuzendu eta Ertzaintzaren jarreraren aurrean «zer egingo duen» galdetu diote.

Hiru gazteak beste hamahiru donostiarrekin batera Madrilen atxilotu zituzten, 2007an. Bilatze eta atxilotze agindupean zeudela, Auzitegi Nazional espainolean aurkezteko asmoz bertara hurbildu eta atean atxilotu zituzten, ondoren espetxeratuak izateko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo