Top 14 eta Ohorezko Liga
Avironek garaipena behar du argia ikusten hasteko
Zuri-urdinek jaitsierako postuan jarraitzen dute, eta gaur 14.30etik aurrera Montaubanen aurkako partidan derrigorrezkoa dute irabaztea.
Jon LEUNDA I
Gauzak beltz, oso beltz daude Baionan, eta azken aste hauetan aldaketak egin badituzte ere, taldeak ahalik eta azkarren hasi beharra dauka puntuak batzen, bestela gero eta gertuago izango du Pro 2 Maila.
Avironek Montauban hartuko du 14.30etik aurrera Jean Dauguer zelaian. Garaipenak beste ezerk ez die balio zuri-urdinei, gainerakoan, mailari eusteko postuak gero eta urrutiago izango dituzte-eta.
Montauban bederatzigarren postuan dago, eta talde aproposa izan daiteke erreakzionatzen hasteko. Lapurtarrek joko oso onarekin ekin zioten denboraldiari, baina apurka-apurka beherantz egin dute, eta une honetan azkenaurreko postuan daude, estu eta larri.
Bestelako egoeran dago Biarritz, nahiz eta hauek denboraldi hasieran zalantza asko sortu zituzten. Seigarren postuan daude, eta gaur 20.30etik aitzinera Clermont mendean hartzen badute, laugarren jarriko dira berriro ere, nahiz eta partida bat gutxiago jokatu duten.
Aurkari zaila dute aurrez aurre, ordea, Liga irabazteko faboritoetako bat baita Clermont, Biarritz bezalaxe. Gaur garaipena lortzeak balio handia izango du. Alde batetik finalerdietan izateko urrats txiki bat emango dutelako, eta gero, berriz, bien arteko dema horretan, biak aurkari zuzenak baitira, indar handia emango baitie, eta horrek balio izugarria izango du. Jokalariei dagokionez, ez Avironek eta ez Biarritzek ez dute aparteko arazorik izango.
Euskal derbia
Ohorezko Mailan euskal derbia jokatuko da Gernikan 16.00etatik aurrera, Gernika Bizkaia eta Pegamo Bera Beraren artean. Donostiarrek asko dute jokoan, baina ez dute batere partida samurra izango. Gernika berria da mailan, baina denboraldi bikaina egiten ari da, eta itxura ere aparta ari da ematen. Bera Berak, aldiz, jokalari onak ekarri ditu, baina azkenaurreko postuan dago, eta gaur ere ez badu garaipenik lortzen, mailari eusteko aukerak gero eta gutxiago izango ditu, bestela oso azkar erreakzionatu beharko du.
Ampo Ordiziak, berriz, bihar jokatuko du 12.00etatik aurrera Cajasolen aurka etxean. Kanpoan punturik ez dute lortzen goierritarrek, eta etxeko puntuei eutsi behar diete, bestela gaizki ibiliko dira.