GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bi gizonezko atxilotu ditu Ertzaintzak emakumeen aurkako eraso bana egotzita

Neska bati bere etxeko atarian indarrez ukituak egitea egotzita, 22 urteko gaztea atxilotu zuen igande goizaldean Ertzaintzak Irunen. Donostian, bestalde, 30 urteko gizonezkoa atzeman zuen Poliziak larunbat gauean bikotekidea kolpatzeagatik.

p014_f0172336.jpg

GARA

Bi gizon atxilotu zituen Ertzaintzak larunbatetik atzora bitartean, bata Irunen eta bestea Donostian, ustez emakumeen aurkako eraso bana egiteagatik. Irunen 22 urteko gizonezkoa atxilotu zuten neska gazte bati sexu erasoa egiteagatik. Ertzaintzak jakitera eman zuenez, 01.30ean gertatu zen ustezko erasoa, neska bere etxeko portalean sartzera zihoanean. Une horretan, gizonezkoak atzetik harrapatu zuen gaztea eta ukituak egin zizkion. Emakumea lurrera erori zen eta laguntza eskatzeko oihuka hasi zenean erasotzaileak ihes egin zuen.

Behin etxera iritsi zenean, gazteak Ertzaintzari deitu zion. Poliziek laster atzeman zuten inguruetan neskak deskribatutako itxurarekin bat egiten zuen gizonezko bat. Orduan gizona atxilotu eta komisariara eraman zuten; gaur epaileen esku geratuko da.

Bikotekideari erasoa

Bigarren atxiloketa, bestalde, Donostian gertatu zen. Bere bikotekideari ustez erasotzeagatik atzeman zuen Poliziak Gipuzkoako hiriburuan 30 urteko gizonezkoa. Tratu txarrak jasan zituen emakumeak berak deitu zion Ertzaintzari gertatutakoaren berri emateko 22.30ak inguruan. Behin emakumea zegoen lekura hurbildu zirenean, poliziek ezkerreko masailezurrean golpe aztarnak zituela ikusi zuten; hori dela eta, ustezko erasotzailea atxilotu egin zuten.

Gisa honetako erasoak ekiditeko, Ezker Batua alderdiak ordezkariak dituen udal guztietan indarkeria matxistaren aurkako Lekuko Plan Integrala osatzeko proposamena aurkeztuko duela iragarri zuen atzo. Ohar bidez azaldu zuenez, datorren asteazkenean, azaroaren 25ean, ospatuko den Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira jarriko du martxan ekimena. EBren asmoa «gizarteko gaitz hau saihesteko beharrezko diren bitarteko guztiak aktibatzea» da, «bereziki gazteen artean». Era berean, berdintasunean, tolerantzian, errespetuan eta bazterketa ezan oinarrituriko hezkuntza bultzatzea dute helburu.

EBkoek, beste hainbat proposamenen artean, beharrezko jotzen dute «kanpaina iraunkorrak» egitea «mota guztietako» bazterketa eta sexu indarkeriak salatzeko. Hori dela eta, udaletara indarkeria matxista ekiditeko bideratzen diren aurrekontuak handitzeko eskatu diete administrazioei.

PROPOSAMENA

Indarkeria matxista ekidin asmoz, ordezkariak dituen udal guztietan Lekuko Plan Integrala osatzeko proposamena egingo du Ezker Batuak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo