Aizkora Euskal Herriko Lehen Mailako kanporaketa
Nazabalek argi utzi du zein den faborito nagusia
Jon LEUNDA
Nazabal, Lopez, Azurmendi, Senosiain I.a, Otaegi eta Mujika sailkatu ziren abenduaren 20an Arbizun jokatuko den Euskal Herriko Lehen Mailako finala jokatzeko. Daniel Vicente, aldiz, azkena izan zen eta, ondorioz, maila galdu du; datorren urtean Bigarren Mailan lehiatu beharko du.
Erabat bete ziren Asteasuko pilotalekuko harmailak kanporaketa zuzenean ikusteko asmoarekin. Aizkolari bakoitzak bi kana erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu behar izan zituen. Hamaika aizkolari lehiatu ziren; lehenengo seiek eskuratzen zuten finala jokatzeko txartela eta azkenak bakarrik galtzen zuen maila, Barberenak uko egin baitio lehiaketari eta berak ere maila galduko zuela jakina baitzen aldez aurretik.
Ezuste handiak izan ziren atzoko kanporaketan, izan ere, Olasagasti eta Txapartegi finaletik kanpo geratu ziren. Igeldoarra gutxitan geratu da final honetatik kanpo, baina atzo bederatzigarrena izan zen, eta ez da izango abenduaren 20ko lehian. Txapartegi ere azken final guztietan izan da, baina atzokoan aurtengo finaletik kanpo geratu zen lau segundo eskas tarteko. Mujikak eta Otaegik, aldiz, lehenengo aldiz jokatuko dute final handia. Azken horrek, gainera, aurtengoa du lehen aldia maila nagusian.
Hiru multzotan banatuta aritu ziren aizkolariak. Nazabal, Azurmendi, Txapartegi eta Olasagasti lehiatu ziren lehenik. Ustez finalean izango ziren lau aizkolari neurtu ziren, baina bi kanpoan geratu ziren. Nazabalek egin zuen denbora onena, eta amaieran ere bera izan zen kanporaketako onena. Azurmendi izan zen bigarrena; sailkapen nagusian hirugarrena izan zen eta bera ere finalean izango da. Hirugarren sailkatu zen Txapartegi, eta sailkapen nagusian zazpigarrena izan zenez, ez zuen lortu azken ekinaldian izateko txartela. Bederatzigarren amaitu zuen Olasagasti ere ez da finalean izango.
Bigarren multzoan, Senosiain I.a, Otaegi eta Zubiaga neurtu ziren. Hemendik ere bik lortu zuten txapelaren lehian izateko txartela. Gainera, Otaegi eta Zubiaga lehen aldiz aritu ziren maila nagusian. Senosiain izan zen lehena, eta Otaegi bigarrena. Sailkapen nagusian laugarren eta bosgarren izan ziren, eta biek lortu zuten finalerako txartela. Zubiaga izan zen azkena, baina bederatzigarren amaitu zuen, eta Lehen Mailari eusteko modua izan du.
Azken txandan, Lopez izan zen onena, eta bigarren amaitu zuen sailkapen nagusian. Bigarren izan zen Mujika eta seigarren amaitu zuen sailkapen nagusian; hala, finalerako txartela lortu zuen Ibarrakoak lehen aldiz. Senosiain II.ak mailari eusteko modua egin zuen. Vicente multzoan eta sailkapen orokorrean azkena izan zen, eta datorren urtean Bigarren Mailan arituko da, nahiz eta iaz finala jokatu.
Apustua
Datorren urterako jadanik badago apustu bat eginda, izan ere, pasa den ostiralean sinatu zuten akordioa Alex Txikonek eta Joseba Otaegik. Desafio hori Azpeitiko zezen plazan jokatuko da otsailaren 28an.
Kirolari bakoitzak 25 aldiz jaso beharko du 100 kiloko zilindro zaharra. Ondoren hamalau kana erdiko moztu, eta azkenik zortzi kilometro egin beharko dituzte korrikan. Alde bakoitzak 7.000 euro jokatuko ditu. Desafioa Txikonek bota zion Otaegiri, eta ez zen aparteko arazorik izan akordioa ixteko garaian.