GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Kronika | Txapelketa Nagusia 2009

Ezinezkoa zirudiena egin du Iturriagak

Lehenago galdutako puntu guztiak banaka-banaka, ariketaz ariketa sartu zituen poltsikoan Unai Iturriagak, Barakaldora joateko behar dituenak bildu arte. Iruñeko Anaitasuna pabilioian jokatu zen finalaurrekoetan azken aurrekoa.

p004_f02.jpg

Amagoia MUJIKA

Unai Iturriagaren kartzelakoa entzunda, BECeko finalean horrelakoak nahi dituela eskatu zion bertsozaleak ixil-ixilik Olentzerori. Eta ikazkinak eskatutakoa ekarri. Baina ez zen ondo portatu den mutikoari egiten zaion oparia izan. Ondo jositako saio baten emaitza izan zen, ondo egindako lanaren saria, merezitakoa. Aurreko saioan bidean galdutako puntu guztiak sartu zituen poltsikoan Unai Iturriagak Iruñeko saioan, ariketaz ariketa. Eta azkenean behar baino gehiago pilatu zituen, 692,25. Eta Barakaldora.

Hauxe zen kartzelako gaia: Etxeko leihotik begiratu eta kazetari mordoa zure zain dagoela ikusi duzu. Eta, hauxe, Iturriagaren lehena: «Goizak izan behar zuen atsegina ta bizia/ gosari eder batekin ederto neukan hasia/ hurrengo ohitura daukat beti leihora jauzia/ errezela baztertu ta barrenean ze suzia/ segituan ikusi dut kazetarien hesia/ hemen badago zeozer ta nahikoa berezia/ segituan sentitu dut antsietate krisia/ hauen ostetik beti hor etortzen da Polizia». Benetan dotore josi zuen Iturriagak kartzelakoa. Bigarrenaren amaiera, «...nire bila datozela bertso zenbaiten harira/ hitzak eraman behar nau Espainiara, urrutira/ kazetariak hitz eske zergatik ari ote dira». Eta, hirugarrena: «Ta ni mutu geratua naiz nere duintasunean/ enoa hitzik egiten beste inoren izenean/ askori pasa zaiena pasa baitzait azkenean/ hitzaren bidez aritu naizela hemen lanean/ `ya hablaras luego mas tarde' diozt batek joanean/ nahiz ta kraskada sentitu dudan nire barrenean/ kazetariak txikitzen atzekaldean daude han/ ezetz hainbeste hurbildu ateratzen naizenean».

Iturriagaren atze-atzetik, zazpi puntu eskasera, Amets Arzallus. Hendaiarrak berriz ere garbi asko utzi zuen bere tokia hor goian dagoela, hizketan bezala egiten duelako bertsotan, aise. Eta, erraz egiteaz gain, normalean egoki aukeratzen du bidea. Kartzelakoan ezusteko polita eman zuen loteria tokatu zaionaren paperean. Bigarrena, ederra: «Lehenik bata atera zen, gero zenbaki gehiago/ zazpia eta zortzia, hori askozaz nahiago/ bederatzia ta bata, tira oso garbi dago/ gordoa tokatu zaigu milioi pila milioi frango/ kazetariek etxera denek egin dute txango/ auzoko denak ilaran beren esku eta zango/ ta ezagunak ere bai berdin hemengo ta hango/ lasai ez dizuet eta xentimorikan emango». Eta zorteko zenbakia eman zuen: 17.891. Ikusi egin behar Gabonak hurreratzean.

Julio Sotok BECen izateko txartela lortu duen bertsolariaren ahotik kantatu zuen. Istorioa ez zen oso sinesgarria, zaila egiten baita sinesten bertsolari batek, finalista izanda ere, kazetari mordoa biltzen duela bere etxeko atean. Onintza Enbeita paretik ibili zen, baina txapela jantzi duen lehen emakumearen ahotik. Sinesgarriagoa akaso, baina, tamalez, hori ere gertatzen zaila.

Iñaki Zelaia modelo izatera iritsi den neska gaztearen ahotik aritu zen. Futbolari famatu batekin zebilela-eta, prentsa arrosak ez zion bakerik ematen. Eta, Mendiluze, alderantziz, modelo famatuarekin dabilen futbolari ospetsuaren ahotik. Ariketa poliki josi zuen. Hauxe, hirugarrena: «Ospe eta prentsa arrosa lotuta doaz katean/ zenbaitentzako aberastasun ta zenbaitontzat kaltean/ derrigorrean bizi beharra denen begiradapean/ gu ezin utzi pakean/ beti pose on batean/ gaur berriz ere sentitu behar neure etxeko atean/ titere soil bat bihurtu naiz ni euren eskaparatean».

Kartzelara bitartean saio polita josi zuen seikoteak. Bakoitzak berea eman zuen. Iturriagak erakustaldia egin eta ezinezkoa zirudiena egin zuen. Arzallusek, bereari eutsi zion eta berdin Mendiluzek. Zelaiak, txapelketan egindako bide bikaina jarraitu eta kasualitateak ez direla existitzen erakutsi zuen. Julio Soto izan zen segur aski egun onik izan ez zuena. Hamarreko handian poto lapsus bat egin zuen eta zortziko txikian trabatu egin zen. Onintza Enbeita izan zen seigarrena, baina orain arte txukun egindako bideari eutsi zion. Txapelketa polita berea.

Ariketaz ariketa errepaso azkarrean, hamarreko handian Amets Arzallusek eta Aitor Mendiluzek ale ederrak utzi zituzten. Lege aldaketarekin ebakuntza egiteko aukera izan eta itxaron gelan dauden bi transexualen ahotik aritu ziren. «...orain kontsulta atari hontan lege galderen balantzak/ azken orduan beti zergatik bisitatzen nau zalantzak», hasi zen Amets mutil gorputzean jaio eta neska sentitzen denaren paperetik. Eta, Mendiluzek, «...behin heldu eta hara eskua dardarka daukat nabarmen/ baina ez dakit beldurra edo ilusioa ote den».

Zortziko txikian berriz ere Arzallus gailendu zen. Sotorekin batera aritu zen eta nafarrak asmatu ez bazuen ere, lapurtarrak kolpe ederrak eman zituen. Hamarreko txikian, berriz ere Arzallus, Iturriagarekin oraingoan. Zazpi urte bete berri dituen haurrari adoptatua dela esan nahi dio batek eta besteak, ez. Bikain bete zuen bakoitzak egokitutako papera.

Zelaia eta Enbeita ere ondo aritu ziren ariketa horretan. Egia esan, orokorrean, seikoteak ondo eutsi zion saioari eta inork ez zuen hanka sartze handirik egin; Sotoren estropezua akaso nabarmenena. Azkenik, kopletako ariketak momentu politak utzi zituen. Umorera jo zuten denek eta emaitza ona izan zen.

Belodromoko final txikirako geratzen diren egunak kontatzen hasi behar. Sei, bost, lau...

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo